'Lekualdatu' izenburupean munduan zehar egin dituen instalazioak erakutsi ditu Koldo Mitxelenan; aretoan bertan ere esku hartze artistiko bat egin du, paretak bikoiztuz.
PolderCup instalazioa Herbeheretan.
Lehen aldiz, espazio berean erakutsi dute Maider Lopezek (Donostia, 1975) azken hamar urteetan egin dituen lanen hautaketa bat.
Errealitate eta egia finkatuak zalantzan jarriz, gizakiaren eta espazioaren arteko harremanen inguruko esperimentazioa eta gogoeta jorratu ohi ditu Maider Lopezek bere lanetan. Halaxe egiazta daiteke gaurtik 2016ko otsailaren 6ra arte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean duen erakusketan.
Tokialdatu / Desplazamiento izenburuarekin, azken hamar urteotan egin dituen hamahiru lan aukeraturen inguruko argazki, bideo eta bestelako materialak batu eta elkarrekin harremanean jarri ditu Lopezek. Horrez gain, artistak aretorako egindako esku-hartze espezifiko bat ere aurkituko du bisitariak, eta baita artistak datorren urtean Donostian ezarriko duen instalazio baten inguruko aldez aurreko informazioa ere. Vigoko (Galizia) Marco arte garaikideko museoarekin batera ekoitzi du erakusketa Koldo Mitxelena Kulturuneak, eta 2016ko ekainean museo horretan izango da ikusgai.
Erakusketak bezala,
Tokialdatu / Desplazamiento du izenburu Lopezek erakusketa aretorako egin duen esku-hartze espezifikoak ere. «
Aretoko hormen bikoiztea planteatzen du esku-hartze horrek», Lopezek azaldu duenez. «Hormak lerratu egiten dira; aurrera, 140 zentimetro; albora, 190 zentimetro. Horrela, 50 zentimetroko horma berriak sortzen dira. Horma berri horiek espazioa birpentsatzera eramaten gaituzte, aretoaren erabilera eta pertzepzio dinamikak hautsiz, ikuspegi berriak sortuz eta ohikoak ez diren ibilbideak eta zirkulazioak eraginez». Oztopo arkitektoniko gisa bezala, aukera berrietarako bidetzat ere har daiteke esku-hartze hori, Lopezen ustez, eta horrez gain eraikinari buruz pentsarazten du, bereziki hura osatzen duten hormei buruz.
Euskal Herritik kanpo egindako instalazioak eta askotariko esku-hartzeak dira erakusketan jasotako gehienak.
Ataskoa salbuespena da: Lopezek hala eskatuta, buxadura handi bat sortu zuen autoak hara eramanez parte hartu zuen jendetzak, 2005ean, Intzan (Araitz, Nafarroa), eta erakusketan egun hartako bi argazki ikus daitezke, airetik eginak.
Intzan bezala, motibazio desberdineko jendeak osatutako «behin-behineko komunitateak» sortu ziren Ottolanden ere (Herbehereak), 2010ean, Lopezek jendea ur kanalek alderik alde zeharkatutako zelaietan futbolean jokatzera deitu zuenean,
PolderCup instalazioko argazkietan ikusten den moduan.
Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzako programaziorako,
Iturriak prestatzen ari da gaur egun Lopez, Ondarretako lorategian urtebetez izango den instalazioa. Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketan instalazio horren inguruko zirriborro batzuk jarri ditu ikusgai, eta azaldu du bere lekutik kendutako eta baliorik gabe utzitako altzari publikoei buruzko lana izango dela, iturriei buruzkoa batik bat. Dagoeneko ezagunak diren itsasargiez gain, kaiak ere izango ditu Donostia 2016k, eta haietako baten parte izango da Lopezen instalazioa.