Nora Barragues, Leire Elosegi eta Carlota Alfaro, goizeko agerraldian. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
“Zezenketak egiteko bada, udalak diru laguntzak ukatu eta udal ekipamenduak ez uztearekin ados al zaude”. Hori da Donostia Antitaurina Orain plataformak erregistratu duen galdera, zezenketei buruzko herri kontsultara deitzeko egindako eskaeran. Goizean erregistratu dute, eta, ondoren, agerraldia egin dute azalpenak emateko: “Herritarrek galdera horri ‘bai’ nabarmen batekin erantzutea nahi dugu”, azaldu du zezenketen aurkako taldeko Carlota Alfarok, Nora Barragues eta Leire Elosegi plataformako kideak ondoan zituela.
Gaur lehen pausoa eman dute, Hiritar Kontsulten Erreglamenduak jasotakoa jarraituz. Udalak 30 egun izango ditu orain erantzun bat emateko, eta, ondoren, ekimenak aurrera jarraituz gero, Donostia Antitaurina Orain taldeak 8.000 sinadura bildu beharko lituzke gutxienez, herri kontsultara deitzeko baldintzak betetzeko. “Udalaren esku dago dena. Izapideak behar bezala betez gero, 2016. urtean egingo litzateke kontsulta. Hori da gure asmoa. Hala ere, egia da 500 egunez atzeratu daitekeela gehienez, baina uste dugu ez dela beharrezkoa hala gertatzea. Zuzen joka dezaten espero dugu”, azaldu du Leire Elosegik. Horrenbestez, datorren urtean egin nahi dute herri kontsulta, Donostia Europako Kultur Hiriburua izango den urtean.
Azken urteetan hirian zezenketarik ez ospatzea normaltasunez hartu dela azpimarratu dute; horregatik, adierazi dute ez dutela ulertzen zergatik hasi diren berriro antolatzen, “herritarren aldetik eskaerarik egon ez denean, are eta gehiago Illunbe erdi hutsik egon denean”. Nora Barraguesen hitzetan, “halako jarduera krudelak jasotzeko ekipamendu publikoak baliatzea lotsagarria da”.