XXVI. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen hasiera "ikaragarria" izan da.
Mozorro lehiaketa Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Halloween gauarekin batera abiatu da Beldurrezko Astea, zale fidelek momentu ederrak pasa dituzte jaialdiaren lehen egunetan. Larunbat goizean
FX eta bestelako ogibideak Iberia FX. Eskarmentua eta artifizioa Espainiako zineman erakusketa inauguratu zuten Okendo kultur etxean. Efektu bereziek Espainiako zineman izan duten bilakaera azaltzen du. Abenduak 19ra arte zabalik egongo den erakusketa honen protagonista nagusiak arloko profesional handiak dira eta xedea da aipatuak omentzea. Attrezzista, dekoratzaile, makilatzaile, arte-zuzendari eta efektu berezietako teknikarien sorkuntza diren itsaspekoen maketak, espazio-ontzi bitxiak, historiaurreko munstroak, haurtxo mutante ikaragarriak edo momifikatutako tenplarioak ikus daitezke. XX. mendeko hasieratik abiatuta egungo aurkikuntza digitaletara arte, bisitariak FX arloko trikimailu eta teknika nagusiak ezagutzeko aukera izango du. Aldi berean, balio handiko objektu orijinalak erakutsiko dira, horietako asko ezezagunak zirelarik orain arte: garai bateko attrezzoa, kartelak, diseinuak, zirriborroak, dokumentu baliotsuak eta era guztietako memorabilia, ahaztezinak diren filmen filmazioetatik lorturiko maketak.
Arratsaldean korrikalari “bitxi” batzuk agertu ziren Bulebarrean,
Beldurrezko Astearen Behobia-Donostia bereziaren bigarren lasterketan parte hartzera. Voodoo-Bia izena jarri diote aurtengo probari, Haitiko heriotzaren jainkoen atea joz. Ondoren, Antzoki Zaharrean inaugurazio ekitaldia egin zuten,
Absolutely Anything komediaren proiekzioarekin. Gauerdian, Halloween gau betean, mozorro lehiaketa dibertigarria egin zuten.