Umorezko bakarrizketa, bertso afaria eta Edorta Lamo sukaldariaren hitzaldi bat programatu dituzte, besteak beste.
Edorta Lamo sukaldaria. (Argazkia: The Table By)
Ikasbide Kultur Elkarteak eta Amara Berriko Euskara Batzordeak hainbat jarduera prestatu dituzte azarorako. Bertsoak, arrauna, eta umorea ekarriko dituzte auzora, eta Euskararen Egunaren harira antolatuko dituzten beste makina bat ekitaldi egingo dituzte Amara Berrin.
Umorezko bakarrizketa batekin hasiko dira ostegunean (azaroaren 5ean, 19:30ean).
Esther Uria aktoreak Eztagoen lekutik… jai jai! lana interpretatuko du elkartearen Isabel II.aren kaleko egoitzan. Arraunlari baten hitzaldia ere programatu dute (azaroaren 19an, 19:30ean).
Nerea Orena Hibaikako arraunlari donostiarrak emango du hitzaldia. Gastronomiaz eta sormenaz hitz egitera joango da
A Fuego Negro jatetxeko Edorta Lamo sukaldaria.
Nortasuna eta sormena sukaldaritzan hitzaldia emango du (azaroaren 26an, 19:30ean).
Bertsolariak ere gonbidatu dituzte azaro kulturalera.
Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Maialen Akizu ariko dira bertsotan (azaroaren 27an, 21:00etan).
Euskararen Egunaren harira auzoa euskaraz bustiko dute, eta jarduera gehiago egingo dituzte: mintzodromoa, txokolate jana, kantu jira, antzerkia, zinema… eta gehiago.