Zubideak proiektua babestuko du.

Iñigo Marquet (Orona) eta Eneko Goia, babes hitzarmena sinatzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Kultur hiriburutzak bere
programazioaren berri eman du dagoeneko, eta pixkanaka babesle nagusiak izango direnak ere aurkezten hasi dira. Ostiralean jakinarazi zuten
Kutxa izango dela babesle orokorra. Gaur Orona Fundazioak bere babes hitzarmena sinatu du prentsaurrean.
Eneko Goia alkatea, Donostia 2016ko Kultura Zuzendari
Xabier Paia eta
Iñigo Marquet Orona Fundazioko garapen zuzendaria bildu dira udaletxean. Alkateak adierazi duenez, “Oronak hasiera hasieratik, hautagaitza aurkeztu zenetik babestu du kultur hiriburutza, eta babes horrek jarraipena izango duela jakitea berri pozgarria da”.
Marquetek, era berean, kultur hiriburutzarekin lankidetza “naturala” dela adierazi du, “gizartea eta inguruarekin konprometituta” lan egiten dutelako.
Orona Fundazioak gizarte, kirol eta hezkuntza eragileekin elkarlanean jarduten duela azpimarratu du Marquetek.
Zubideak proiektuaren babesle
Orona Fundazioak kultur hiriburutzako proiektu zehatz bat babestuko du,
Zubideak, hain zuzen ere. Paiak proiektu hau kultur programazioko garrantzitsuenetariko bat dela adierazi du: “kontinente zaharreko kulturen artean harreman estuagoa bilatu eta kultura horiek Donostiara hurbiltzea” izango du helburu proiektuak. Horretarako,
hiriko zubi nagusiei erabilera desberdin bat emango diete 2016ko maiatza eta iraila bitartean, eta Urumea ingurua Europako beste hiri batzuetako jaialdien isla bilakatu da. Paiak argitu duenez, “Europa etxetik ezagutzeko saioak” izango dira.
Hala,
Wroclaw hiriko musika jaialdi bat garatuko dute;
Lyon-go dantza eskaintza ezagutzeko aukera eskainiko dute;
Dublin-dik, berriz, literatura eta antzerkia ekarriko dituzte; eta
Ljubljana-ko kaleko artea.
Oronako ordezkariak ez du zehaztu kultur hiriburutzari egingo dioten ekarpena zenbatekoa izango den,
Zubideak proiektuaren kostuen araberakoa izango baita.