Donostiako ordezkaritza, Londresen. (Argazkia: Donostia 2016)
Donostiako ordezkaritza batek Londresera egin du bidaia, World Travel Market azoka dela eta. Europako Kultur Hiriburutza aurkeztu dute bertan, Donostiako alkate Eneko Goia buru. Aipatutako azokak astelehenean ireki zituen ateak, eta osteguna arte egongo da zabalik. Munduko bigarren turismo azoka profesional garrantzitsuena da, eta aurten 5.000 erakusle, 186 herrialde eta 50.000 partaidetik gora ditu.
Euskadi/Basque Country-ren stand-ean egindako aurkezpenean, alkateak azpimarratu du badagoela zerbait Donostia eta Euskal Herri osoa beste hiri eta lurraldeetatik “desberdin egiten duena”, eta zerbait hori “bere hizkuntza, euskara, eta bere kultura dela; bere identitatea, alegia”. Pablo Berastegi Donostia 2016ren zuzendari orokorrak adierazi du Donostia 2016 hiriburutzaren mamia “kulturaren bidez elkarrekin hobeto bizitzea” dela eta proiektuaren helburua dela “gure esperientzia erabilgarria izatea elkarbizitza eta kohesio arazoak dituzten Europako beste hiri eta komunitateentzat”.
Londresko aurkezpen honen ondoren, Donostiako ordezkaritza Europako hainbat tokitara joango da proiektua zertan datzan azaltzera eta programazioa ezagutzera ematera. Horretarako, dozena bat nazioarteko aurkezpen egingo dituzte 2015eko azaroan hasi eta 2016ko martxora arte; Bartzelona, Brusela, Bordele, Pilsen, Madrid, Wroclaw eta Berlin izango dira, besteak beste, bisitatuko dituzten hiriak.