Zientzia astea San Telmo Museoan egingo dute aurten
Azaroaren 5etik 7ra egingo dute.
Zientzia astearen webgunean ikus daiteke. Jardueretan parte hartzeko lekua dago oraindik, eta guztiak doan dira. Gipuzkoa osoko hainbat ikastetxeetako 1.400 ikasle inguruk parte hartuko dute Zientzia astean, baina publiko orokorrak ere bisita dezake, ondorengo ordutegietan: osteguna eta ostirala, 9:30etik 14:00etara, eta 15:30etik 20:00etara; larunbatean, 10:00etatik 14:30era, eta 16:00etatik 20:00etara.
Guztia prest dago EHUk antolatzen duen Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XV. asteari hasiera emateko. Bihar abiatuko da, eta larunbata arte ehunka jarduera egingo dituzte, “zientzia modu erraz eta dibertigarrian” herritarrei gerturatzeko. Hala adierazi du Ana Arrieta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, eta zientziaren eta ikerketaren garrantzia azpimarratu du: “zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta herritar aktibo eta kritikoagoak sortuko ditugu”.
Kokapena izango da agian aurtengo berrikuntza nagusia. Izan ere, Artzai Onaren plazan egin beharrean, San Telmo Museoko erakusketa aretoan egingo dituzte aurten jarduerak. Bereziki gazteen interesa pizteko bideratutako jarduerak badira ere, gustu eta adin guztietarakoak izango dira.
Aurten, besteak beste, kimika, psikologia, konputazioa eta adimen artifiziala, fisika, ingeniaritza, arkitektura eta energia berriztagarrien stand zientifikoak jarriko dituzte. Hala, generadore bat nola egiten den, 3D inprimagailu baten funtzionamendua, bonbila apurtu bat nola piztu edo gorputza eta gogamenaren harremana ezagutzeko aukera izango du bisitariak.
Tailerretan, berriz, gizaki eta objektuen tenperaturen koloreak ezagutu, dronak eta kuadrikopteroak gidatzen ikasi edo kutsadura akustikoaren eragina ikertzeko aukera eskainiko dute.
Bi lehiketa ere egingo dituzte, Argazki geologikoen lehiaketa eta Erretratu Alfabetikoena. Hauekin loturik bi txango ere antolatu dituzte, bata hirian barrena egingo duten bisita geologikoa, larunbatean 11:00etan; eta Aquariumera bisita, bestea, ostiralean 17:00etan, eta larunbatean 11:00etan..
Eta zientzia umorearekin lotuta dagoela erakusteko ere bi ikuskizun egingo dituzte. Batetik, Jon Kepa Eurekak esperimentuz beteriko zientzia ikuskizuna eskainiko die haurrei. Ez da magia, zientzia da ikuskizuna larunbatean izango da, 12:30ean. Eta iazko arrakasta ikusirik, Zientzia Cluba errepikatuko dute aurten. EHUko ikerlariek eta The Big Van Theory taldeko kideek bakarrizketa zientifikoak eskainiko dituzte, larunbatean 19:00etan.
Egitarau osoa