'Nik hemen ere euskaraz' lehiaketaren bidez opariak zozkatuko dituzte herritarren artean, azaroaren 14a arte.
Senday arropa dendan egin dute kanpainaren aurkezpena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiarrak euskaraz hitz egitera bultzatu nahi ditu udalak. Hala,
Merkataritza eta ostalaritzan ere euskaraz kanpainaren barnean,
Nik hemen ere euskaraz lehiaketa abiatu du Euskara Zerbitzuak, denda eta tabernetan ere euskaraz komunikatu daitezen bezeroak eta saltzaileak. “Udalak erraztasunak eman nahi dizkio euskara erabili nahi duen herritarrari, eta horretarako ari da identifikatzen zerbitzua euskaraz eman dezaketen establezimenduak”, azaldu du lehiaketaren aurkezpenean Miren Azkarate Euskara zinegotziak. Lehiaketa horren bidez, erosketak euskaraz egiten dituzten bezeroak sarituko dituzte. Lehiaketan 286 establezimenduk parte hartuko dute eta eta azaroaren 14a arte iraungo du. Denda eta taberna horiek zeintzuk diren
euskara zerbitzuaren webgunean ikus daiteke.
Deskontu txartelak opari
Denda eta taberna zehatz horietan euskara erabiltzen duten bezeroek truke-txartel bana jasoko dute. Txartel horrekin kalean jarriko dituzten postu ibiltarietara joan beharko dute bezeroek, azaroaren 7an eta 14an. Postu horietan panel bat egongo da hainbat zenbakirekin, eta horietako zenbaki bat aukeratuz, sari bat irabaz dezake bezeroak. Zehazki, 25, 35 eta 50 euroko deskontu txartelak izango dira sarien artean; truke-txartela eskuratu duten saltokian gastatzeko. Beste hainbat produktu sorta (poltsa, boligrafo eta egutegi batez osatuta) ere irabazteko aukera egongo da. Zuzenean saririk lortzen ez dutenek, euren datuekin txartel bat bete eta beste zozketa batean sartzeko aukera izango dute.
Postu horietara hurbiltzen diren gainerako herritarrek ere kanpainan parte hartzeko aukera izango dute, eta sariren bat lortzeko zozketan sartuko dira. Horretarako, bertan proposatutako ekintzaren bat egin beharko dute: zerbait idatzi, irudiren bat marraztu…
Guztira, hiri osoko 645 denda eta taberna daude kanpainaren barnean. Bertan, arreta eskaintzen duten langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna dute, eta identifikatzeko pegatina bat jarrita dute euren atean. Hala, bezeroek hori ikustean, bertan euskaraz egin dezakela jakin dezake.
Postu ibiltariak honako leku eta egunetan jarriko dituzte:
Azaroak 7, larunbata
- 10:00-14:00. Jose M. Sert plaza (Antigua) eta Gaskonia plaza (Antigua)
- 16:30-20:30. Loiola Kalea (Erdialdea) eta Bulebarra
Azaroak 14, larunbata
- 10:00-14:00. Sagastieder plaza (Intxaurrondo) eta Basotxiki kalea (Intxaurrondo)
- 16:30-20:30. Easo plaza (Amara) eta Urdaneta kalean (Amara)