Bertako eta garaiko barazkiak kontsumitzearen aldeko filosofia zabaldu nahi du Nagore Garcia de Vicuñak; bi errezeta liburu kaleratu ditu jada, bere bikotekide Diego Zarrabeitiaren laguntzaz.
Nagore Garcia de Vicuña; sukaldari afizionatua.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Sukaldean aritzea gogoko du Nagore Garcia de Vicuñak (Erdialdea, 1975). Duela bost urtera arte, ordea, ez zien garrantziarik ematen bere kontsumo ohiturei. Orain, bertako produktuen aldeko apustua egin du, eta ohitura hori dutenei zuzendutako bi liburu kaleratu ditu, Ttarttalo argitaletxearekin:
Udaberria eta
Negua. Bi argitalpenek
Zer egin nire barazki saskiarekin dute lelo gisa. Barazkiekin egiten diren ohiko errezetetatik urrundu da, aukera berriak eskainiz.
Nola sortu zitzaizuen Diego eta zuri bertako produktuen inguruko interesa?
Duela bost urte inguru, gure elikaduraren inguruan halako hausnarketa bat egin genuen bikotekideak eta biok. Zein kontsumo ohitura genituen begiratu, eta ohartu ginen, supermerkatuetan erosten genuela, kontuan izan gabe produktuak nondik zetozen, nork ekoizten zituen, eta zein baldintzatan. Horrek guztiak duen garrantziaz ohartu ginen, hainbat arlotan; gure osasunerako lehenik, baina baita ere ekonomiari begira. Dirua gastatzen duzunean supermerkatu batean, beste herrialde batetik etorri diren leka batzuk erosteko, hori eredu bat da; eta beste eredu bat da, diru hori bertako baserritar bati erosteko gastatzen duzunean. Edozein kontsumo keinu erabaki bat da, eta eragina du ekonomian, ingurumenean… eta horrek sortzen du nolabait gure kultura. Gure kultura osatzen duten elementuak dira. Hausnarketa horren ostean, modu eroso bat bilatu genuen bertako barazkiak eskuratzeko, eta kontsumo talde batean sartu ginen.
Eta hortik, errezeta liburu bat idaztera?
Ikusi genuen nola gure saskian iristen ziren eskarola erraldoiak, kalabazak, azaloreak… horietako produktu batzuk gogoko genituen, eta beste batzuk ez hainbeste. Nik sukaldean ibiltzea gogoko nuen, besterik gabe, sukaldaritza blogak jarraitzen nituen ideiak hartzeko, eta nire bloga ere sortzea erabaki nuen. Pentsatu genuen guri barazkiekin gertatzen zitzaiguna seguru beste jende askori ere gertatuko zitzaiola, eta gure ideiak konpartitzea erabilgarria iruditu zitzaigun.
Blogarekin bi urte generamatzala, Idoia Arozenarekin topatu nintzen kalean, aurretik ezagutzen nuen, beste kontu batzuengatik. Galdetu nion erdi txantxetan ea interesatuko zitzaion garaian garaiko errezeta liburu bat argitaratzea. Hortik gutxira bere proposamena iritsi zen,
Udaberria eta
Negua liburuak egiteko.
Bi liburuek filosofia bera dute, ezta?
Bai, eta barazki batzuk errepikatu ditugu. Azen familiako produktuek, esaterako, hemen oso denboraldi luzea dute, eta udaberrian ere badaude. Beraz, bi liburuetan errepikatzen dira, baina errezetak desberdinak dira.
Errezeta errazak direla diozu, nori zuzendutako liburuak direla esango zenuke?
Bereziki bertako eta garaiko produktuak erosten dituztenentzat, horiek egongo direlako akaso errepikapenaren arazo horrekin. Nik sukaldaritza liburuak izugarri gogoko ditut, baina batzuetan atzera egiten dut, osagai zerrenda ikusita bakarrik; ez dira praktikoak. Errezeta errazak eta praktikoak dira liburu honetan bildu ditugunak, ia edonorek egiteko modukoak. Badago osagai bereziren bat, baina ez da ohikoa.
Aldaketa egin daiteke. Guk lehen normalean erosten genituen barazkiak ziren tomatea, kalabaza, lekak, alberjinia, brokolia eta poltsako letxugaren bat. Gu eredu hortatik gatoz, eta aldaketa egitea ez da inolako sakrifizioa. Batzuetan zer gertatzen da, borrajak garbitu egin behar direla, eta txikoriaren kanpoko hostoak mikatzagoak direla… baina beti berdina ez da. Zure kabuz erosketak eginda baino askoz anitzago jaten duzu urte guztian zehar. Hasteko, gogoko ez dituzun barazkiei ere irtenbidea eman behar diezulako, eta agian deskubritzen duzu beste era batera gogoko duzula. Nik, lehen; aza, adibidez, ez nuen jaten, ezta babarrunekin ere! Orain, berriz, gehien gustatzen zaidan barazkietako bat da, baina salteatuta edo labean eginda. Gauza berriak deskubritzeko bidean lagun dezake liburuak.
Batzuk sinplifikatu ditugun errezetak dira, beste batzuk etxean sortutakoak, edo gustuko ditugunak… nagikeria alde batera utzi beharra dago. Gehiago edo gutxiago gustatuko zaigu, baina janaria prestatzea denok egin behar dugun gauza bat da.
Errezetak moldatu daitezkeela diozu, ezta?
Bai, gure gustura egindako gauzak dira, eta espezia batzuk edo besteak botatzen dizkiozu. Nik gazta oso gogoko dut, eta errezeta askok daramate, baina ken daiteke; eta kopuruekin, gauza bera. Errezetek lagungarriak izan behar dute, ez gain-esfortzu bat.
Zergatik aldarrikatzen duzu bertako eta garaiko produktuak jatearen garrantzia?
Azkenean, zure elikaduraren ardura hartzeko erabakia da. Erabaki horren atzetik aipatu ditudan arlo horiek daude: osasuna, ekonomia, zertan gastatzen dugun gure dirua, eta zer laguntzen dugun gure keinu horrekin. Horren atzetik, zein gizarte eredu nahi dugun dago; ingurukoa mantentzea eta bermatzea inguruko ongizatea, edo elikadura industriaren eredua. Kanpotik datorrena industriatik dator, eta orohar pestizidak erabilita, transgenikoak… legezkoak diren kontuak eta gutxi kontrolatzen direnak.
Zuk erositako hori nola egiten duzun azken pausoa da, baina barazki horrek zure platerera iritsi aurretik egin duen ibilbidea da aldatu beharrekoa. Zure etxera iristen dena, bertan, baldintza duinetan eta modu egokian ekoitzia izatea da garrantzitsuena. Ahal den neurrian, ekologikoa bada, hobe.
Kontsumo taldeak gero eta gehiago zabaltzen ari dira. Hori zerbaiten seinale da, ezta?
Bai, geroz eta kezka handiagoa dago gure osasuna eta jaten dugunarekiko. Elikaduraren industrian arazo eta eskandalu asko egon dira, eta guri ere hausnarketa hori etorri zitzaigun, lagun batek utzitako liburu baten bidez. Zure buruari galderak egiten hasten zara, eta argi dago gero eta jende gehiagok egiten duela hori.
Errezetaren bat bereziki gogoko duzu?
Niri azarekin egindakoakoak gustatzen zaizkit gehien. Era askotara presta daiteke, eta oso gauza desberdinak egin daitezke: cuscusarekin, Trinxat kataluniako errezeta, zopa, odolkiarekin erregosia…
Zergatik gomendatuko zenuke aldaketa?
Aldaketa egin duenari liburua gomendatuko nioke, errezeta erraz eta berriak ezagutzeko balio duelako. Bertako barazkiak kontsumitzen ez dituenari, pixka bat harago pentsatzeko eskatuko nioke bere erosketak egitean. Zer dakien erosten duen horren inguruan, eta ea dituen erantzunak baliogarriak zaizkion.