'Gatazkatik, turismo iraunkorrera' mahai inguruan parte hartu du Goiak
Londresko World Travel Market turismo azokan egin dute solasaldia.
Eneko Goia alkateak From conflict to sustainable tourism, ‘Gatazkatik turismo iraunkorrera’, mahai inguruan parte hartu du Londresera egindako bisitan, World Travel Market turismo azokaren baitan.
Atzo arratsaldean izan zen solasaldia, eta Belfast, Amman, Sri Lanka, Rwanda eta Colombiako ordezkariak ere bertan izan ziren; gatazka bat izan duten lekuak guztiak.
Espainian hildako gehien izan dituen hiria dela Donostia gogoratu zuen Goiak, baina orain “bake aroa” bizi duela. Aro berria “hiritarrentzat ona” dela adierazi zuen, eta baita turismoarentzat ere. Azken urteetan turismoa %10 hazi da hirian.
Turismoa aberastasuna sortzeko jarduera nagusienetariko bat dela adierazi zuen Goiak, baina turismo ereduak eztabaida sortu duela; “hazkunde hori donostiarrentzat ona den ala ez”, alegia. Zentzu horretan, turismoaren jarduera iraunkorra izatearen alde egin zuen alkateak: “Eguzkia eta hondartza ez dira Donostiako turismoaren oinarriak, baizik eta, zerbitzuaren kalitatea, ingurumena, gastronomia, nortasuna eta kultura”, esan zuen.
Azkenik, kultur hiriburutzaren oinarri izango diren kultura eta bizikidetzaren aldeko apustua berretsi zuen Eneko Goiak Londresen.