IRUTXULOKO HITZAren azalen erakusketa Egiara iritsiko da
Azaroaren 12an aurkeztuko dugu, Halabazan.eus ipuin kontalarien emanaldi batekin.
Parte Zaharrean inauguratu genuen Irutxuloko Hitzaren 10. urtemugaren harira egindako azalen erakusketa, Rekalde tabernan. Joseba B. Lenoir Gang & lagunek gure urtemugaren festan Lugaritz kultur etxean eman zuten kontzertuan ere izan ziren ikusgai, aretoa azalekin apaindu baikenuen. Eta orain Egiara helduko da, hurrengo astean, hilaren 12an.
Egian ere modu berezi batean aurkeztuko dugu gure azalen bilduma. Halabazan.eus ipuin kontalariek haurrentzako doako emanaldi bat egingo dute 17:00etan. Aitziber Sampedro eta Ander Edo gazteek osatzen dute ipuin kontalarien taldea.
Garraxi jatetxeko paretetan zintzilikatuko ditugu gure ibilbidearen momentu desberdinak, eta hiriko albiste esaguratsuenak islatzen dituzten azalak.
Irutxuloko Hitzaren hamargarren urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi egiten ari gara. Horietako bat gure azalen erakusketa ibiltaria da. Azken 10 urteotako azalen aukeraketa bat egin dugu. Hemerotekan murgiltzea gustuko dugulako, eta hedabidean parte hartu duten horiek guztiak omendu nahi ditugulako. Hilabete eta erdiz izango da zabalik.