Kultur hiriburutzaren urtean GR bat sortuko dute mendian barrena, herritarrek behingoz ligatuko dute, hormek hitz egingo dute eta hirian mamuak daudela frogatuko dute. 2016an gertatuko denaren adibide batzuk besterik ez dira.
Emakume batzuk, Donostia 2016 hiriburutzaren programa esku artean dutela. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak urteko programazioa aurkeztu zuen joan den ostiralean, Tabakaleran, 500 kultur eragile eta artisten aurrean, eta agintariek lagunduta:
«Sekula izan dugun kultur eskaintza ekarriko dugu hirira», aurreratu zuten ekitaldian. Bada, herritarrek baieztapen hori berresteko aukera izan dute egunotan. Izan ere, Donostia 2016ko egitaraua banatzen hasi ziren ekitaldia amaitu bezain pronto, egunkari itxurako formatoan.
Programak 104 orrialde ditu, eta ia 500 jarduera proposatzen ditu, ehun proiekturen parte.
Hirikilabs, HidroLogikak, Bizhirik, Time Machine Soup, Interprest eta On appetit! gisako izen panpoxen artean, herritarrentzat erakargarriak izango diren hainbat eta hainbat jarduera daude. Guztiak zerrendatzea ezinezkoa denez,
Irutxuloko Hitzak aukeraketa bat egin du: hamar jarduera ekarri ditu hurrengo orrialdeetara, 2016. urte historikoaren isla.
Danbor hotsak, hasteko
Hasieratik hastea izan ohi da egokiena, eta hasieratik hasiko gara proposatutako aukeraketarekin.
Hiriburutzaren inaugurazioa San Sebastian egunaren etorrerarekin egingo dute, urtarrilaren 19ko gauean. Ordu batzuk geroago, biharamunean, Haurren Danborradak konpainia berri bat izango du: Beste hiri bateko neska-mutilek Sarriegiren konposizioen erritmoan jardungo dute, lehen aldiz.
Donostiarekin batera, Poloniako Wroclaw hiria izango da Europako Kultur Hiriburua 2016an. Hori dela-eta, Wroclaw hiritik bertatik arituko dira danborrari eragiten. Alderdi Ederren jarriko dituzten pantaila erraldoien bidez, bi hiriek bat egingo dute danbor hotsen artean.
Hiriburutzaren hasiera festa ez da hor amaituko, banderaren jaitsierarekin batera, hiriko hainbat eragilek eta erakundek abian jarriko baitute urteko egitaraua. Urtarrilaren 20 eta 24a bitartean, kultur jardueraz betetako egunak etorriko dira: kultur etxeek, kontzertu-aretoek, klubek, arte elkarteek, antzokiek, museoek, arte galeriek eta liburutegiek ateak irekiko dituzte, denetariko adierazpen eta diziplina artistikoei tarte egiteko.
Inaugurazioa urtarrilaren 23an iritsiko da une gorenera. Donostia 2016 hiriburutzari hasiera ofiziala emango diote, larunbataren etorrerarekin. Hansel Cerezak diseinatutako ekitaldia egingo dute.
Euskara, bukatzeko
Hamabi hilabete egingo dugu aurrera. Abenduaren 8 eta 10a artean, Euskararen Egunaren altzoan, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera egingo dute Kursaalen.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak gidatuko du jarduera, beste zenbait eragilerekin batera; atzerritik etorritakoak, horietako batzuk. «Europa osoan, hizkuntza komunitateak ehunka elkarte sozialetan antolatu izan dira euren hizkuntzan bizi eta bere garapena sustatzeko. Orain, Donostian gauzatuko da gizarte zibilaren gidaritzapean aurrera eramandako prozesu bat; berdintasuna zein aniztasunaren errespetua bilatzeko neurri eraginkorrak proposatuko dituen prozesua», azaldu dute programan.
Hain zuzen ere, goi bileran adituak eta erakundeak bilduko dira Hizkuntza Eskubideen Bermerako Protokoloa itxi eta aurkezteko, «erakundeen eta eragileen konpromiso praktikoak lortzeko baliatuko duten tresna».
Mesedez, hiria zapaldu!
Mesedez, belarra zapaldu! da
Musika Parkean-en leloa. Bada, gonbidapen bera egin ahal zaie
Music Box Festibala jarraituko dutenei. Jarduera honek hainbat kontzertu proposatuko ditu, guztiak hiriko ez ohiko espazioetan, toki hauek «musika-kutxa gisa» funtziona dezaten. Datorren urteko urtarriletik abendura izango dira kontzertuak, eta honako lekuetan egingo dituzte: Bilbao plazan, Zorroagako elizan, Albaola itsas kultur faktorian, Miramongo anfiteatroan, Aquariumen, Uliako hazitegietan, Kaiko gabarroian, Tabakalerako terrazetan, Araba parkean, Unibertsitateko plazan eta Euskotreneko geltokian.
Leku bat falta da jakinarazteko, azaroaren 19koa. Egun horretarako ezusteko kontzertu bat iragarri dute. Gainontzeko musika emanaldiak zehaztuta dituzte, eta era guztietako taldeak izango dira entzungai:
Bill Ryder Jones, Tindersticks, Albert Cavalier, Los Punsetes eta Belako, tartean.
Eta Musika Parkean gogora ekarri dugula, 2016an eguraldiak errespeta dezala eskatzea besterik ez zaigu geratzen!
Ligodromoa, mitoa apurtzeko
Nork dio Donostian ezin dela ligatu? 2016 urte berezia izango da, horretarako ere. DSSirez izeneko jarduerarekin, karabana batek hiriko auzoak zeharkatuko ditu martxoan, herritarrek erotismoaz hausnartu dezaten. Horrekin batera, Ligodromoa antolatuko dute, «probokazioarekin eta fantasiarekin jolasean bizipoza» pizteko.
DSSirez jarduerak bost zentzumenekin jokatzeko aldarria kaleratuko du, «erotika bizitzeko modua kulturak baldintzatzen duela oinarri hartuta, eta desira aniztasuna aldarri».
Sustatzaileen esanetan, «berogailu erotikoa izango da», eta herritarren desira eta fantasia piztuz tenperatura igoaraziko du: «Zurrumorbo agenteek mito eta sinesmen faltsuekin amaituko dute, sexualitate eredu bakarra defendatzen duten zurrumurruak desagerrarazteko».
Motxila prest
Euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturzaletasunak ezin zuten falta 2016ko programazioan.
2016 Bidea izeneko jarduera antolatu dute horretarako: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria 32 etapatan zeharkatuko dituen ibilbidea, alegia. Hiria eta mendia tartekatuz, natur eta arte balio esanguratsua duten tokietatik igaroko da.
Bidea egiteko antolatuko dituzten irteeretan, kultur jarduerak ere egingo dituzte ibilbidean zehar; hasieran, erdibidean edo amaieran. Martxoa eta urria bitartean, igandero egingo dituzte txangoak. Lehena, martxoaren 27an, Zarautz aldera abiatuz; azkena, urriaren 31n, Pasaitik Donostiara itzulita. Ia 600 kilometro osatuko dituzte,
Vasco de Camping elkartearen eta aldundiaren gidaritzapean, eta paraje ederretatik igaroko dira: Gernika, Leintz-Gatzaga, Arantzazu, Lizarrusti, Arritxulo, Sara eta Baiona, besteak beste.
2016 Bidea proiektuaren ondare gisa, DSS2016EU GR Sarea sortuko dute. Gipuzkoako 7 GR nagusiak lotuko ditu sareak, eta lurraldean dauden natur gune babestu guztietan oinez egiteko aukera emango du, etenik gabe.
Donostiapedia, den-dena hiriari buruz
Donostia 2016 hiriburutzak eta Wikipediaren 15. urtemugak bat egingo dute datorren urtean. Hori dela eta, aitzakia horrekin, Wikipedia-hiri bihurtu nahi dute Donostia. «Nola? Hiriko eragileekin lankidetzan, hiriaren historia eta kulturari buruzko artikuluak argitaratu eta edonorentzako eskuragarri jarriz», azaldu dute hiriburutzaren programan.
Donostiari buruzko ezagutza bildu, eta ahalik eta hizkuntza gehienetara zabaldu. Hori izango da Donostiapedia egitasmoaren helburua, uztaila eta abendua bitartean. Horrekin batera, Euskal Wikipedia indartzea eta hiriari buruzko informazioa handitu, zabaldu eta modu errazean eskuragarri jartzea lortu nahi du proiektuak. Abiapuntu gisa, jarduera zehatzak egingo dituzte: Amarapedia auzolandegia, Wikipedia ikastetxeetan eta edit-a-thon maratoiak, besteak beste. «Zure parte hartzea behar beharrezkoa da hiriaren eraikuntza digitalean», adierazi dute.
Hormek hitz egingo dute
Goiko izenburua ez da txantxa, hormek hitz egingo baitute 2016an. Hori bai, zer dioten jakiteko, herritarrek
Hormek Diote egitasmoa bertatik bertara ezagutu beharko dute.
Hain zuzen ere, udazken honetan, bost horma margotu dituzte; hiru Donostian, bat Pasaian eta bestea Errenterian. Urumeako igogailuaren horma, Intxaurrondoko Txaparrene pasealekua, Altzako Ramon Irigoien parkea,Trintxerpeko Ziriza Etxeko horma bat eta Errenteriako Alaberga auzokoa, hain zuzen ere.
Homa horiek margotu dituzten artistak, berriz, honako hauek dira: Igor Rezola Dizebi, Ismael Iglesias, Harsa, Jenny Karna-Escalante, Horma Chic, Judas Arrieta eta Mentalgassi. Horrez gain, Las Chicas de Pasai taldeak eta Iñigo Salaberriak horma irudi birtualak sortuko dituzte.
Joan den irailean eman zuten Hormek Diote proiektuaren berri, komunikabideen aurrean.
Ereiten Kultur Zerbitzuak dauka egitasmoa gauzatzeko gidaritza, eta koordinazio artistikoaren ardura
Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak du. «Ideia nagusia hormei hitz eginaraztea da», azaldu du David Zapirainek, Ereiten Kultura Zerbitzuak enpresako ordezkariak. «Esku hartze artistikoak egingo dira, baina ideia etiko batzuk komunikatzeko. Beraz, etika eta estetika elkartuko dira», erantsi du. Eta hala da. Horma horien aurrean, 2016an, uztaila eta abuztuan, arte-adierazpen desberdinak gauzatuko dituzte; dantza eta zinema, esaterako.
Komikiak, lehen lerrora
Erdialdeko Errege Katolikoak kale inguruak komikiari egingo dio tartea 2016an; ekaineko bigarren asteburuan, zehazki. Zapart! egitasmoaren bitartez, bederatzigarren artea bultzatuko dute, sortzaileen arteko sareak indartzeko eta marrazkilarien eta jendearen arteko interakzioa errazteko helburuarekin.
Proiektua eremu publiko eta pribatuetan gauzatuko dute, eta ibilbide oparoa duten marrazkilariak bilduko ditu: Arthur Suydam, Mihai Tymoshenko, Manel Craneo, Pepe Farruco, Alex Orbe, Ainara Azpiazu eta Asisko Urmeneta, besteren artean. Erakusketak, zuzeneko sorkuntza, hitzaldiak, ibilbide gidatuak, kontzertuak, ipuin kontalariak, tailerrak eta truke azoka antolatuko dituzte. Era berean, Antton Olariagak diseinatutako mural handi bat ikusgai egongo da jaialdian.
Bat-batekotasunari ere egingo diote tartea
Donostia 2016 hiriburutzak ondo bideratuta du egitaraua, eta, ustez, kontrolpean ditu jarduerak. «Ustez» diogu, uztailaren 9 eta 16a bitartean oso zaila izango dutelako emaitza asmatzea. Egun horietan, hain zuzen ere, bertsolarien esku egongo da hiriburutza. Eta jakina da edozer gauza gerta daitekeela halakoetan, bat-batekotasuna lehen lerrora igarotzen denean.
Europako inprobisatzailerik onenek Donostian izango dute hitzordua, Europako kulturen ahozko tradizioen nazioarteko topaketan. Jarduera honen aurrekaria 2003koa da, Bertsozale Elkarteak halako topaketa bat lehenengoz antolatu zuenean, Ahozko inprobisazioa munduan leloarekin.
Oraingoan,
Mintzola Fundazioak antolatuko du, hiriburutzarekin lankidetzan, eta Bertsozale Elkartea bidaide. Ordezkari sardiniar, kurdu, galego, kanariar, katalan, galestar, austriar eta poloniarrek bertsolariekin batera jardungo dute. «Horrela, zenbait tradizio batera jarriko dira eszenan, kulturen arteko elkarrizketa batean», azaldu dute.
Hiriko espazio publikoetan egongo dira, Miramar jauregiko EHUren uda ikastaroetan presentzia izango dute eta Kursaalen esango dute agur, amaiera ekitaldiarekin. Gosegarri gisa, udaberrian, Euskal Herrian aurretiko jardunaldi batzuk egingo dituzte, Leonen eta Bartzelonan egin ostean.
Beldurra kultura da
Misterioaren Itsasargia joan den asteburuan abiatutako proiektua da;
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen etorrerarekin, hain zuzen ere. Izan ere,
Paranormales filma egiteko figuranteak biltzen ibili dira, zombien papera jokatzeko. Deialdi bat egin zuten horretarako. Hori izango da egitasmoaren ardatzetako bat, baina gehiago egongo dira. 2016ean zehar, donostiarrek bizi izan dituzten ez ohiko istorioak dokumentatuko dituzte: etxe sorginduak, mamuak, objektu hegalari ezezagunak, gaueko iluntasunean egindako errituak…
Prozesu parte hartzaile baten bitartez jasotako material guztiarekin webdokumental interaktiboa, bideojokoa eta aipatutako
Paranormales filma osatuko dituzte. Hiru proiektu hauek 2016ko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean aurkeztuko dituzte, urria bukaera eta azaroa hasiera bitartean.