Europako hirigintza sari bat irabazi du Donostiak
Stockholm (Suedia) eta Bolonia (Italia) hirien aurka lehiatu da Donostia, Academy of Urbanism-Hirigintzako Akademiak ematen duen sari honetan. 2016. urteko Europako Hiria Sarirako finalista zen, eta irabazi egin du.
Londresen du egoitza erakundeak, irabazi-asmorik gabekoa da, eta politikoki independentea, nahiz eta Royal Institute of British Architects erakundearekin erlazionatuta dagoen.
Joan den irailaren 3an eta 4an Hirigintzako Akademiaren ordezkaritza batek Donostia bisitatu eta ebaluatu zuen. Xede horrekin, udal ordezkariekin zein hiriko erakunde publiko eta pribatuekin bildu ziren, eta aurkeztutako hautagaitza defendatzeaz gain, hiriak eskaintzen duen eredua erakutsiko zitzaien.
Aurreko urteetan Urteko Hiria Saria jaso duten hiriak hauek dira: Rotterdam (2015), Marsella (2014), Anberes (2013), Lisboa (2012), Glasgow (2011), Friburgo (2010), Bristol (2009), Berlin (2008) eta Edinburgo (2007)
Sariak xedetzat du eredugarritzat bereizitako hiri-espazioak nabarmentzeko balioko duen dokumentu-iturri bat garatzea, bai eta beste hiri batzuetan erreferente gisa erabili ahal izatea ere.
Horretarako, epaimahaiak hiriko jardunbide onen adibideak ebaluatzen ditu hainbat arlotan, hala nola: lidergoa eta gobernamendua, zerbitzuak, bideragarritasuna eta arrakasta komertziala, ingurumen iraunkortasuna, erkidegoa, osasuna, ongizatea, konektibitatea eta ikasteko ahalmena.