Kortxoenearentzako beste espazio batzuk bilatzeko, eta beraiekin bilerak izateko prest jarraitzen duela adierazi du Miren Azkaratek.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotzi ordezkariak eta Miren Azkarate Kultura zinegotziak Kortxoneari buruzko prentsaurrekoa eman dute gaur. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Kortxoenearen eraistearen harira prentsaurrekoa eman dute gaur Kultura zinegotzi
Miren Azkaratek eta Hirigintza zinegotzi ordezkari
Enrique Ramosek: “Gaztetxeko kideak eta EH Bildu egiten ari diren komunikazio motaren aurrean, aurretik esan duguna berriz gogora ekartzea erabaki dugu”. Enrique Ramosen presentzia justifikatu du – prentsa deialdian ez zen agertzen- Kortxoenea gaztetxea “gehienbat hirigintza afera bat delako”.
Ramosek azken urteotan Indianoene kaleko eraikinaren inguruan hartu diren erabaki eta neurriak errepasatu ditu:
2010eko Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorrean aztertu zen lursail hauen egoera, eta bertan 20-21 etxebizitza eta bi solairuko garaje bat egitea aurreikusi zen, auzoa biziberritzeko”. Proposamen hura aho batez onartu zela zehaztu du, Ricardo Burutaran zinegotziaren botoarekin ere bai. Aurreko legealdian tokiko gobernu batzordeak plangintza berezia onartu zutela, eta orubearen jabeari beste bi garaje solairu egiteko baimena eman zuela.
Gauzak horrela, lursailaren jabeari Kortxoenea eraisteko eskubidea eman zitzaiola azaldu du, eta udalaren betebeharra dela baimena ematea. Horrenbestez, Azkaratek, adierazi du, jabe batek plangintzaren araberako eskaria egiten duenean eta baldintza guztiak betetzen dituenean – kasuan, abal bat aurkeztea eta segurtasuna bermatzeko hesi egokia jartzea –, udala behartuta dagoela baimena ematera: “Udalari dagokiona eraistea legeak eskatzen duenaren arabera egitea da, teknikoki bete behar diren segurtasun neurriak egongo direla ziurtatzea. Gainerakoa partikularren arteko zerbait da. Udalari dagokiona da eraiste baimena eskatzen denean baimen hori ematea, hori ez da aukerakoa. Planak eginda daudenean eta erabakiak hartuta daudenean, eraiste eskaria datorrenean, obligazioa da ematea, bestela prebarikazioa izango litzateke”
Azkaratek adierazi du aurreko legealdian Bilduk hainbat gauza egiteko aukera izan zuela: “lehena, Hiri-Antolamendurako Plangintza Orokorra aldatzeko proposamena egiteko aukera; eta bigarrena, eraikina desjabetu eta Udalaren esku uzteko aukera eta, ondorioz, kultura proiektua bertan jarraitzea bermatzeko aukera. Baina aitzitik, ez zuen hori egin eta ez zuen proiektuarentzat irtenbidea lortu. Beraz, ez omen da horren erraza irtenbide bat lortzea”.
Kortxoenea bezalako kultur proiektuak Donostiarentzako eta kulturarentzat aberasgarriak direla uste du Azkaratek:
“Denontzako tokia egon behar du. Haiei ere adierazi genien euren proiektua aintzat hartzen dugula. Autogestioaren bidetik doazen proiektuek ere existitu behar dute”. Gaztetxeak antolatutako jarduerak udalaren kultur etxeetan egiteko aukera ematen saiatuko zirela adierazi zietela gaineratu du: “Irtenbide honek euren betebeharrak ez dituztela asetzen esan ziguten, eta errespetatzen dut”.
Groseko gaztetxearentzako beste espazio batzuk bilatu dituztela, eta haiekin izandako bileretan azaldu dietela Gros, Egia eta beste auzo batzuetan erabilgarri egon daitezkeen lokalak zeintzuk diren. Zinegotziak azaldu du beste hainbat elkarte ere lokal bat lortzeko itxaroten ari direla.
Aurrerantzean ere gaztetxearentzat alternatibak eta aukera gehiago bilatzen jarraitzeko prest daudela, eta Kortxoeneako kideekin bilerak egiteko prest dagoela adierazi du Azkaratek.
Bi zinegotziek argitu nahi izan dute Hirigintzako eta Udaltzaingoaren teknikarien artean ez zela bilerarik egon eraikinaren eraistea prestatzeko.
Txantxarrekak egindako azken adierazpenen berri ez duela izan esan du Azkaratek. Atzo, A
ntiguako gaztetxeak adierazi zuen momentuz ez zuela Villa Alegriaren lagapena sinatuko: “Astearte goizean Udalaren konplizitatearekin Kortxoenea ilegalki eta indarrez eraitsi dutela ikusita, ezinbestean aldatu da gure jarrera. Ez dakigu udalaren erantzuna zein izango den, baina gu prest gaude Donostiako zein gainontzeko eragileekin gune autogestionatuen defentsari batera heltzeko”, adierazi du Txantxarrekako asanbladak.