Donostialdeko Zatikako Lurralde Planari "ezezko biribila" adierazi diote
Hilaren 13an elkarretaratzea egingo dute Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan.
Hainbat mugimendu sozial, politiko eta bizilagunen elkarteetako kideek Donostialdea-Bidasoa Beheko Zatikako Lurralde Plana (ZLP) bertan behera uzteko eskatu dute. Adierazpen bateratu bat aurkeztu dute Gipuzkoako Aldundiaren aurrean.
Azaroaren 15a planari alegazioak aurkezteko azken eguna da, eta hain zuzen, epea bukatzen den egunean elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan, hurrengo ostiralean.
ZLPak biltzen dituen egitasmoak lurraldearen aurkako eraso larritzat jo dituzte: “Zalantzan dagoen garapen eredu bati bultzada berria eman nahi diote. Gainera, herritarren parte hartzea sustatu gabe onartu nahi dute”. Hain zuzen, udalerriek lurraldearen kudeaketan duten eskumena larriki murriztea dakarrela gogor salatu dute.
Donostialdean jada planarekin lotutako eta azpiegitura handiekin lotutako arazoei aurre egin behar dietela adierazi dute. Inpaktu gogorra eragingo lukeela nabarmendu dute. Herritarrengandik aurkako mobilizazioak izan dituzten proiektuak biltzen dituela azpimarratu dute: Lezon eta Zubietan aurreikusitako poligono erraldoiak, errauskailua, AHTa, Auditz Akularreko hirigintza plana, Donostialdeko Metroa, Urumea bailarako hirigintza planak… “Guztira 1.300 hektarea baino gehiago suntsitzea planifikatzen du ZLPak, etxe berriak eraikitzeko, garraio azpiegiturak egiteko, jarduera ekonomiko kutsatzaileak indartzeko”, jarraitu dute.
Auzitan jarri dute “Donostialdean inposatu nahi duten lurralde eredua” eta “ezezko borobila” adierazi diote planari. Lurraldearen etorkizun sozioekonomikoa eta antolaketa jokoan daudela ohartarazi dute.