Bilduk Kortxoenea auzia udalbatzarrera eramango du, gainerako alderdien jarrera ezagutzeko
Larunbatean Kortxoenearen alde egindako manifestazioan Zemoria kaleko udal eraikina erabiltzeko prozesu parte hartzaile bat abian jarriko dutela iragarri zuten. EH Bildu bat dator aukera horrekin. Aurreko legealdian hasi ziren Hezkuntza Sailarekin bilerak egiten eraikina udalari itzuli eta beste erabilera bat emateko.
Ricardo Burutaran zinegotzia, ordea, kritiko agertu da udal gobernuarekin oraindik ez duelako aukera honen aldeko pausorik eman, eta eraikina berreskuratzeko hasitako prozesua zertan den jakin nahi du Bilduk. Horregatik, interpelazio bat aurkeztu dute azaroaren 26ko udalbatzarrean eztabaidatzeko, eta beste alderdien iritzia jakiteko.
Alkateak Zemoria kaleko eraikinaren inguruan duen iritzia jakin nahi du Bilduk; egokia ote deritzon Kortxoeneako jarduera sozio-kulturala bertan garatzeko, eta hala ez bada, zein ote den udal gobernuaren aukera.