Moyes entrenatzaile kargutik kenduko dute
Administrazio kontseiluak erabaki du postutik kentzea, eta gaur jakinaraziko dio ofizialki.
Gaur izango da David Moyesen azken eguna Realean. Administrazio kontseiluak erabaki du postutik kentzea, eta gaur jakinaraziko dio ofizialki. Zenbait hedabidek gaur argitaratu dutenez, erabakia atzo jakinaraztekoak ziren, baina eskoziarra Glasgown da, eta hegaldia atzeratu egin zenez, gaur beharko du.
Azken partidetan Realak metatu dituen emaitza txarrek eragin dute erabakia. Halaber, karguan daraman urtebetean, izan dira gorabehera gehiago entrenatzaile eskoziarrarekin. Sasoi honetan 11 partida jokatu ditu Realak, eta soilik bederatzi puntu eskuratu ditu. Iaz, partida bat gutxiago jokatuta eta puntu kopuru berbera lortuta, Jagoba Arrasate bota zuen Jokin Aperribairen zuzendaritzak.
Moyesen utziko duen lekua Eusebio Sacristanek beteko du aurrerantzean. Jokalari ohia da. Valladoliden hasi zuen bere ibilbidea, eta Atletico Madrilen jokatu ostean, Bartzelonan 1990eko hamarkadako dream team-eko kide izan zen. Gero Celtan eta Valladoliden berriro jokatu zuen jokatzeari utzi aurretik.
2003tik 2008ra entrenatzaile karneta eskuratu ostean Bartzelonaren lehen taldeko talde teknikoan izan zen. 2009tik 2011ra Celtaren entrenatzaile izan zen, eta azken urte horretan Bartzelonaren bigarren taldearen ardura hartu zuen. Hor aritu da aurten otsailean taldearen emaitza txarren ondorioz bota duten arte.
David Moyes 2014ko azaroan izendatu zuten entrenatzaile, eta 2016a arte zuen kontratua.