Añorgako bulebarizazioaren lanak ekainerako amaitzea aurreikusi dute
Añorgako bulebarizazioaren proiektua azaltzeko bilera egin dute astearte arratsaldean, Antxon Aiestaran Zine Aretoan. Lanaz arduratuko den enpresako eta udaleko ordezkariak hurbildu dira; Hirigintza zinegotzi Enrique Ramos eta Auzoetako arduradun Duñike Agirrezabalaga, tartean. Lanek zortzi hilabeteko epea izango dutela jakinarazi dute, eta uda sasoiaren atarirako amaitzea aurreikusi dute; hots, ekainerako.
Añorga Txikiko eta Arzak Eneako biribilguneen artean egingo dituzte obrak, eta helburua “N-I errepide zaharra auzo kale bat” bihurtzea izango da. Oinezko eta txirrindularientzat gune berriak egiteko baliatuko dute egitasmoa, baita gune berdeak egokitzeko eta saneamendu eta beste sare batzuk berritzeko ere. Kale berriak zazpi metroko zabalera izango du, eta errail bat izango du norabide bakoitzean. Moyua enpresak egingo ditu lanak.