Eusebio: "Nigan jarritako konfiantza eskertzen dizuet denoi, ez dizuet hutsik egingo"
Realeko entrenatzaile berria aurkeztu dute Anoetako prentsa aretoan.
Realak badu entrenatzaile berria, Eusebio Sacristan. Gaur goizean egin du talde txuri-urdinak Valladolideko entrenatzailearen aurkezpen prentsaurrekoa, eta prentsari euskaraz eskaini dizkio lehen hitzak: “Egun on denori”. Jokin Aperribai presidentea eta Lorenzo Juarros kirol arduraduna izan ditu ondoan Eusebiok aurkezpenean, eta guztiak oso gustura agertu dira hartutako erabakiarekin. “Nigan jarritako konfiantza eskertzen dizuet denoi, ez dizuet hutsik egingo”, adierazi du entrenatzaile berriak. Hain zuzen ere, David Moyesek utzitako hutsunea beteko du Eusebiok, eta urte eta erdirako kontratua sinatu du Realarekin.
Ez du lan erraza eskuartean Eusebiok, izan ere, ligako hamaseigarren postuan dago taldea, bederatzi punturekin; gainera, tristura zabaldua dago jokalarien artean. “Pozik nago, eta egunez egun lan egingo dugu gozatu dezaten. Kalitatezko jokalariak ditugu, eta guztiok batera egoera honetatik ateratzea lortuko dugu”, gehitu du entrenatzaileak.