Memoriaren eguneko lore eskaintza bereizirik egin dute
EH Bilduk bere kabuz egin du agerraldia.
Memoriaren egunerako prestaturiko testuarekin “desadostasunak” dituztela esan du, eta alkateari egotzi dio ardura: Gaurko argazkian “kolore gehiago” izatea litzatekeela egokiena gaineratu du Almirallek, baina horretarako “errelatoa anitza” izan behar dela; “horrela bakarrik ziurta daiteke giza eskubideen urraketarik gabeko etorkizun bat”. Eskubide eta sufrimendu mota guztien aitortza eskatu du Bilduk.
Iaz ez bezala, aurten PPk bat egin du Memoriaren eguneko agerraldiarekin. Miren Albistur bozeramailearen arabera, “ETAren biktimak gogoan izateko eguna” da gaurkoa, eta biktima horiek guztiak “demokraziari egindako ekarpena” eskertu du.
Memoriaren eguna dela eta, jendetza bildu da eguerdian Alderdi Ederren biktimen omenezko lore eskaintza egiteko. Udaletxeko alderdi politiko guztiak elkartu dira Oroimena-memoria eskulturaren aurrean, EH Bildu salbu. Hauek ordu erdi lehenago egin dute euren ekitaldia toki berean. Manuela Carmena Madrilgo alkatea ere bertan izan da, eta baita beste aurpegi ezagun batzuk ere, Odon Elorza eta Joseba Egibar esaterako.
Hainbat senide eta herritar ere hurbildu dira euren lorea jartzera; Barbara Dührkop, talde antikapitalistek hildako Enrique Casas-en alarguna horien artean: “Orri ilun asko dituen historia da Euskal Herrikoa, baina memoria eta aitortzatik abiatuta aurrera egin behar da”, esan du.
Eneko Goia alkatearen arabera, biktima guztien errespetuz ospatzen den eguna da gaurkoa, eta “penatuta eta harrituta” agertu da Bilduren erabakiarekin. Iazko ekitaldi bera errepikatu dutela adierazi du, “txistulari berak, lore eskaintza bera, eta ekitaldi isila, iaz bezala”.
Bilduren ustez, ordea, Eneko Goiak “bere irakurketa inposatu” nahi izan du, eta ez du lortu agerraldi bateraturik. Hala adierazi du Amaia Almirall bozeramaileak.