Merkataritza neurri berriak garatuko dituzte Amara Berrin eta Egian
Hiriko auzo guztietan merkataritza sustatzea da udal gobernuaren helburua. Donostia “erosketen hiria” izatea nahi dute, eta ahalegin berezia egin nahi dute saltoki txikien garapenean. Ikei enpresak Amara Berri eta Egiako merkataritza egoera aztertu ditu, sustapen neurri egokiak lantzeko.
Amara Berrin 358 saltoki daude eta merkatal jarduerari dagokionean, hirugarren postuan dago. Amaratarrek bertan egiten dituzte elikagaien erosketak, baina gainerakoak egitera Erdialdera joaten dira. Azterketaren arabera, Karlos I.aren etorbideak eta Pio XII biribilguneak kalte egiten die saltokiei, baina kalte hori nolabait orekatzen da Anoetan partidak edo bestelako jarduerak egiten dituzten egunetan.
Ikei enpresak hainbat proposamen egin ditu auzoa biziberritzeko. Pio XIIko iturriari soinua jartzea, auzoko zuhaitzak apaintzea, Morlansko ikastetxeko jolastokia azoka bereziak egiteko erabiltzea, Eustasio Amilibia parkea egokitzea, kaleko zinema saioak egitea…
Egian, berriz, 127 saltoki daude, eta hemen ere orohar auzotarrek elikagai erosketak soilik egiten dituzte bertan. Irisgarritasuna da Egiako zailtasun handiena. Hori dela eta, espaloiak konpondu, oinezkoentzako guneak handitu edo trafikoa mantsotzeko neurriak hartzea proposatzen du azterketak. Gainera, autobus geltoki berria eta Tabakalera, auzoa biziberritzeko aukera gisa ikusten ditu.