Abenduaren 12an egingo dute hirugarren Libre Lasterketa.

Josean Catalan, Mikel Eskiroz eta Nuria Alzugarai, Asteburu Laranjaren aurkezpenean, Herria elkartean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eskubide zibil eta politikoen defentsan “
asteburu laranja” antolatu du
Libre mugimenduak. Asko dira
epaiketa ezberdinetan auzipeturik dauden euskal herritarrak, tartean hainbat donostiar ere bai, eta haiei elkartasuna adierazteko hainbat jarduera antolatu dituzte.
Larunbatean, azaroak 14, eskuoarriak banatuko dituzte auzipetuak edo herriko tabernak dituzten auzo guztietan. Dokumental proiekzioak eta muralak ere egingo dituzte. Baina
ekitaldi nagusia Bulebarrean egingo dute, 18:30ean. Dena den, arratsaldeko 17:00etatik aurrera “elkartasun gune” bihurtuko da Bulebarra, eta
mural bat egingo dute herritarren artean. Horretarako, pieza batzuk banatuko dituzte, eta pixkanaka osatuko dute murala, “norbere konpromisoa” erakutsiz.
“
Elkartasunetik konpromisora jauzi” egitea da hain zuzen ere, Libre mugimenduaren oinarrizko aldarrikapena, “pertsona askoren indarra elkartuz, helburu handiak” lor daitezkeela sinetsita baitaude.
Muralaz gain, bertsolariak, musika emanaldiak, ikus-entzunezkoak eta kale ikuskizunak ere eskainiko dituzte, Ramon Agirre eta Olatz Salvadorren antzezlana,esaterako.
Igandean Bukowski tabernan
ELEAK mugimenduak desobedientziaren inguruan prestaturiko dokumentala eskainiko dute arratsaldean, eta ondoren eztabaida saio bat egingo dute.
Nuria Alzugarai, ‘Segurako auzian’ auzipeturiko donostiarra izan da Asteburu laranjaren aurkezpenean eta abian dauden epaiketa politiko guztiak gaitzetsi ditu, Euskal Herrian “politika egitea judizializatua” dagoela argudiatuz: “
Epaitu aurretik zigortuak izan gara. Prebentiboki espetxeetan igarotako denbora, fidantzatan jarritako dirutzak, politika egiteko debekuak, Estatutik irteteko debekuak, asteroko sinatzeak, kontu korronte pertsonalak blokeatuta…Epaiketa bera ere zigorra da. Ez dugu gure ideiekiko atxikimendua eskatzen,
eskubide zibil eta politikoen defentsa baizik”, esan du Alzugaraik.
Libre Lasterketa, abenduaren 12an
Abian diren
epaiketek eragiten dituzte gastuak arintzeko dirua biltzea da Libre Lasterketaren helburua. Hirugarrena izango da aurtengoa, eta abenduaren 12an egingo dute. Lasterketa 20:00etan abiatuko da Bulebarretik eta sei kilometroko ibilbidea izango du: Bulebarretik, Kontxako pasealekua igaro, Ondarretan buelta eman, atzera bueltan Parte Zaharrean barrena Bulebarrera berriro.
Izen ematea aurrez egiten bada, 15 eurotan egingo da, eta egunean bertan 18 euroren truke. Mikel Eskiroz Libre mugimenduko kideak gogoratu du jasotako diru guztia epaiketen gastuetarako izango dela, “auzipetuei jartzen zaien kondena ekonomikoa izugarria” delako.
Parte hartzaile bakoitzak Libre mugimenduaren ikur bihurtu den laranja koloreko kamiseta bat jasoko du, eta lasterketa kamiseta laranja hori jantzita egiteko gonbita luzatu dute. Lehen sailkatuek saria jasoko badute ere, lasterketa herrikoia izango dela aldarrikatu du Eskirozek. Mozorro laranjarik onenak ere saria izango du.
Izen ematea
Herrikrosa.eus webgunean egin daiteke, eta baita Herria, Marruma, Hontza, Rekalde, Ilunki, Jolas Etxea eta Plateron ere.