Helduen danborradei dagokienez, 120.000 euroko diru laguntza eskainiko die udalak.
(Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Jaietako zinegotzi Alfonso Gurpegik eta PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok agerraldia egin dute gaur goizean,
2016ko danborradan eskainiko dituzten diru laguntzen berri emateko. Hain zuzen ere, datorren urteko San Sebastian egunean,
Haur Danborradetako konpainiek sukaldariz jantzitako upel jotzaileak izango dituzte. Azaldu dutenez, neurria aho batez onartu zuten duela hilabete batzuk, haur danborradaren biltzarrarekin. Honela, aukera honetaz baliatu nahi diren eskolek hartuko dute parte.
“Gutxienez hamabi sukaldari gehitu beharko dituzte diru laguntza jasotzeko, hau da, bi ilara; edo, bestela, danbor-jotzaileengatik ordezkatzeko aukera izango dute”, adierazi du Gurpegik.
Gascok gehitu duenaren arabera,
eskolak animatzeko asmoz jantzi eta upelen kosturako ere laguntza eskainiko dute. Hala, parte hartzen duten eskolek jantzi bakoitzeko 60 euro jasoko dituzte. Diru laguntzaren gehienezkoa aztertzen ari dira, oraindik, baina gutxienez 12 sukaldari egon beharko lukete laguntza jaso ahal izateko. Modu honetan, Haur Danborrarari eskainiko dioten diru laguntza bikoiztu egingo dute, eta
75.840 eurokoa izango da guztira.
Bestalde,
helduen danborraden laguntza ere igoko dute, 97.258 eurotatik
120.000 eurotara. Hazkunde honen arrazoia da 2016an hamar danborrada gehiago egongo direla.