Donostiako Maratoia markak haustera dator
Dortsalen banaketa Anoetako belodromoan egingo dute aurten.
Donostiako Maratoiaren webgunean.
Gaur, aste eta erdi falta denean egin dute 38. Donostiako Maratoiaren aurkezpena, udaletxean. Pozik agertu dira antolatzaileak, urtetik urtera parte hartzaile gehiago baititu maratoiak, eta baita proba nagusiarekin batera egiten diren beste bi lasterketek ere: maratoi erdiak eta 10 kilometroko lasterketak.
Aurten gainera parte hartze marka guztiak hautsiko dituztela iragarri dute, dortsal guztiak salduta baitaude; ia 7.000 dortsal orotara. Azaroaren 29an izango da maratoia, eta hiria, “zapatillen hiri” bilakatuko dela adierazi dute. Dena dela, egun biribila izatea nahi dute, eta giroa berotzeko herritarrei kalera atera eta korrikalariei babesa emateko gonbita luzatu diete.
Parte hartzea ez da, ordea, errekor bakarra izango. Izan ere, 13 urteren ostean Timothy Cherigat keniarraren 2:09’34” marka arriskuan egon daitekeela uste dute, bere herrikide diren Hosea Kiprono Maiyo eta Kipyego Kennedy-ren parte hartzea baieztatua baitago.
Euren marka hobetzeko asmotan etorriko diren beste hainbat izen ere aipatu dituzte. Emakumeen artean, Maria McCambridge irlandarra eta Matea Matosevic kroaziarra nabarmendu dituzte; azken hau Rioko olinpiar jokuetarako gutxieneko denbora lortzera etorriko da. Baina izen handiez haratago, maratoiaren izaera herrikoia azpimarratu dute, eta norbere marka hobetzeko asmoz irtengo diren hainbat eta hainbat korrikalariren parte hartzea txalotu dute.
Horien artean geroz eta gehiago dira emakumeak, hiru lasterketak kontuan izanik %20 egin baitu gora emakumeen parte hartzeak. Datu hau kirol proba baten “neurgailurik onena” izan ohi dela adierazi dute.
2014. urtean egokitu zuten ibilbidea errepikatuko dute aurten ere, eta 21 kilometroko bi bira eman beharko dizkiote parte hartzaileek. Gainera, ilarak saihestu eta izapideak azkartzeko dortsalen banaketa Anoetako belodromoan egingo dute aurten.
Lasterketa dela eta, trafikoak hainbat aldaketa jasango ditu, eta autobus zerbitzuetan ere ibilbide aldaketak egingo dituzte. Guztien berri, eta lasterketaren jarraipen zabala eskainiko dute