Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 30 jarduera eskainiko ditu haur, familia, ikastetxe eta bestelako taldeei zuzenduak.
Valeria Garcia-Landarte, Mikel Cañada, Oriol Roch eta Jon Insausti, Miramoneko egoitzan egin duten prentsaurrekoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak gizartera hurbildu nahi du musika sinfonikoa. Helburu horrekin, 30 jarduera inguru eskainiko ditu datorren denboraldian, haur, familia, ikastetxe eta bestelako taldeei zuzenduak. Programa guztien berri eman dute, xehetasun guztiekin, orkestrako eta erakundeetako arduradunek.
MUSIKA GELA izeneko programaren bidez, lehen hezkuntzako haurrak kontzertuetara eramaten dituzte. “Denboraldiz denboraldi apustu sendoa egiten du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak haurrak eta familiak musikara hurbiltzeko”, dio Oriol Roch orkestrako zuzendari orokorrak. Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean,
Eskola Kontzertuak izeneko zikloak hiru ekoizpen eskainiko ditu, hezkuntza ziklo bakoitzeko bana. Guztira, 18 kontzertuk osatuko dute zikloa, eta 5.200 entzule gerturatuko ditu orkestraren Miramongo egoitzara. “Hiriak berak hezitzailea izan behar du, ez hezkuntza arloan bakarrik. Horren adibide oso ona da Musika Gela. Ongi afinatutako nota hauek programa sendo bat utzi digute”, azaldu du Jon Insausti zinegotziak. Gaur eskaini dute lehenengo emanaldia. Hala, lehen hezkuntzako 1.800 ikasle bildu dira Miramonen,
Stick Dance Quartet perkusio kontzertuaz gozatzeko. “Duela urte batzuk ere parte hartu zuten zikloan eta oso harrera ona izan zuten haurren aldetik”, gogoratu du Rochek. Gero, 2016ko otsailaren 17tik 23ra, haur hezkuntzako ikasleek
Zirrika, irrika… musika! ikuskizunaz gozatuko dute. Bertan, EOSeko laukote baten ganbera-musika eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen umorea uztartuko dituzte. Azkenik, apirilaren 26tik 29ra,
Planeten soinua kontzertuak errepertorio sinfonikoa hurbilduko die lehen eta bigarren hezkuntzako haur eta gaztetxoei.
ENTSEGU IREKIAK ere izango dira ikasleen eskura, bost guztira (1 Bilboko Euskalduna Jauregian eta gainontzeko lauak Kursaal Auditorioan.
Bestalde, ikastetxe bakoitzaren neurrira
egokitutako jarduerak ere eskaintzen ditu orkestrak: Bisita gidatuak, tailerrak…
MUSIKA FAMILIAN kontzertu zikloak ere haurrak musika sinfonikora hurbiltzeko aukera ematen du, baina kasu horretan, familia giroan. Azken batean, Eskola Kontzertuetarako programatutako ekoizpenak familiarteko publikoari eskainiko dizkiote. Otsailaren 20an,
Zirrika, irrika… musika! (Miramon); apirilaren 16an, berriz,
Stick Dance Quartet (Kursaal Ganbera Aretoa). Kontzertu horietarako sarrerak abenduaren 21ean jarriko dituzte salgai.
Erabateko gizarteratzearen alde
Haur eta familiez gain, urritasun psikologikoak dituzten pertsonak ere kontutan izan nahi ditu Euskadiko Orkestrak. Horregatik, erabateko gizarteratzearen alde, FEVAS elkartearekin elkarlanean aritzen da. Hala, datozen hilabeteetan, lau tailer burutuko dituzte Bilbon eta Donostian, pertsona horiei zuzenduta. Aldi berean, aurten,
Soinuen Mosaikoa programa landuko dute, estatuko beste hainbat orkestrekin batera. Valeri Garcia-Landarte FEVASeko zuzendari kudeatzaileak programaren garrantzia azpimarratu du: “Musikak balore handiak eskaintzen dizkie urritasunak dituzten pertsonei, baina aldi berean, beraiek ere asko ematen dute”.