Euskarazko formatu txikiko bi lanak 25. Poltsiko Antzerki Jaialdian ikusteko aukera egongo da.
‘Sarean kateatuak’ antzezlanaren irudia. (Argazkia: Donostia Kultura)
Dagoeneko baditu lehen eta bigarren sarituak 2016ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio
Nomofobikak taldearen Sarean Kateatuak antzezlanari; eta bigarren saria, berriz, Bazen Behin Klown taldearen
Sexijentziak Askatuz lanari egokitu zaio. Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzea du helburu programak. Hala, proiektu irabazleak 4.000 euroko dirulaguntza jasoko du proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko. Bigarren sarituak, berriz, 3.200 euroko dirulaguntza jasoko du xede berdinerako.
Horrenbestez, 25. Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan egongo da aipatutako antzezlanak ikusteko aukera, beste hainbat lanekin batera. 2016ko otsailaren 11tik 28ra izango da jaialdia, eta hiriko hainbat taberna eta aretotan eskainiko dituzte sormen lanak antzezleek.
‘Sarean kateatuak’: Amaia Lizarralde, Belen Cruz eta Olatz Beobide aktoreen desio artistikoak bultzatu du, elkarrekin sorkuntza batean buru-belarri murgiltzeko nahia baitzuten. Gizarteak telefonoekin eta sare sozialekin duen menpekotasuna landuko du antzezlanak; bi pazientek euren psikologoarekin duten harremanaren bidez.
‘Sexijentziak askatuz’: Itziar Saenz de Ojer izango da antzezlan honetako aktore bakarra, bakarrizketa moduan. Pedro Arnaez-en gidaritzapean arituko da aktorea, clown formatuak eskaintzen duen inozentzia eta umorea erabiliz. Harreman erotikoek sortzen dituzten hainbat sinismen oker eta exijentziak aztertuko dituzte. Hala, benetan bakoitzak bere sexualitatearen jabe izateak duen garrantzia aldarrikatuko dute.
Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak deialdian parte hartu duten guztiei beren esker ona azaldu nahi izan die: “Aurkeztutako proiektuek maila oso ona erakutsi dute, eta aukeraketa zaila izan da”.