Zarataren mapa aurkeztuko diote bizilagunei, eta abian jarriko duten kanpainaren berri emango diete.
Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak deituta, auzo bilera bat egingo dute ostegunean, 19:00etan, Liburutegi Nagusiaren San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan.
Gaueko aisialdiak eragindako zarata izango dute hizpide.
Udalak egindako zaraten mapa eta auzoan egindako neurketak azalduko dituzte.
Kalean edatea, lokalen intsonorizazioa, ezarritako ordutegietatik kanpo tabernetako leiho eta ateak irekitzea, turistentzako ostatu kopuruaren igoera… Elkartearen ustez, kontzientziazio kanpaina soil batekin ez da nahikoa arazo hauei guztiei aurre egiteko, eta
bizilagunen osasuna eta atsedena jokoan dagoela nabarmendu dute.
Hainbat gizarte eragilerekin batera, kanpaina bat abian jarriko dute, eta horren berri eman nahi diote bizilagunei. Helburu nagusia, ordea, lan taldeak sortzea izango da. Zaraten ordenantza aztertzeko, proposamenak egiteko eta udalarekin biltzeko, besteak beste.