75 zuhaitz inausi eta 10 bota egingo dituzte.
Inausi edo moztu behar dituzten zuhaitzak markatu dituzte. (Argazkia: Donostiako Udala)
Udalak hiriko zuhaitzen
inausketa kanpaina berezi bat jarri du abian.
Bidebietan hasi dira, “urte luzez egindako eskaerari erantzunez”. Hala adierazi du Ernesto Gasco, jarduneko alkateak: “Bidebieta zuhaitz asko dituen auzoa da, baina azken urteetan ez dira behar bezala zaindu. Adarrak neurriz kanpo luzatu dira, auzotar askori eragozpenak sortuz”.
“Kalitatezko gune berdeen” aldeko apustua egin du Gascok, “kantitatea beharrean kalitatea” izan behar duela helburu aldarrikatuz.
Lorategi eta parkeen mantenurako zerbitzuko kideek Bidebietako zuhaitzen azterketa sakona egin dutela adierazi du jarduneko alkateak.
400 zuhaitz zenbatu dituzte eta horietatik
75 zuhaitz inguru inausiko dituzte tamaina txikitu edo adarren neurria egokitzeko. Beste
10, berriz, moztu egingo dituzte egoera txarrean daudelako, arriskuak sor ditzaketelako edo etxebizitzetatik gertuegi daudelako.
Astelehenean auzotarrak ohartarazi eta zuhaitzak markatu zituzten, eta gaur hasi dira inausketa lanak egiten. Hainbat egun beharko dituzte amaitzeko. Bidebietaren ondoren Bizkaia pasealekuko zuhaitzak aztertu eta moztuko dituzte. Lan hauetarako 50.000 euro bideratuko ditu udalak.