Josu Muguruzari buruzko dokumentala, Txantxarrekan
Ostiralean, hilaren 20an, 25 urte beteko dira Herri Batasuneko diputatu Josu Muguruza Madrilen hil zutenetik. Hari buruzko Zohardia dokumentalak 70eko eta 80ko hamarkadako egoera politikoaren berri ematen du, HBko diputatu zenaren lagun eta kideen ahotsetatik.
Muguruzak bikotekide izan zuen Elena Bartolomeren kontakizunak harilkatzen dute Muguruzaren beraren zein bizimodu oso baten kontakizuna. Ezagutu zuten beste hamarnaka lagunen laguntzarekin ematen dute haren izaera, «indarra», «alaitasuna», «karisma» eta «argitasunaren» berri. Lagun batek pairatu zituzten atxiloketa eta torturengatik ihesi Ipar Euskal Herrian egin zituen urteen berri, beste errefuxiatu batzuen bidez ematen du filmak. Jaio zen Bilboko Errekalde auzoan mobilizatzen hasi zen urteetako istorio eta irudiek ondo erakusten dute kaleetan urte haietan zegoen grina eta indarra.
Ipar Euskal Herrian egon zen denboran, 1981 eta 1987 bitartean, Zohardia bezala sinatzen zituen idatzitako artikuluak eta, geroago, Egin-eko erredaktore-buru bezala, J. Iratzar izenarekin. Huts egin zuten Aljerreko negoziazioen zioak Iñigo Iruin abokatuak emandako gakoen bidez irudikatzen dira. Kazetari gisara eta politikari gisa zituen bertuteak, Egin-eko zuzendaritzako kide zein HBko kideen bidez. Baita beste alderdietako politikarien begi urrunagoetatik ere.
Atzo iluntzean Bilboko Campos Eliseos Antzokian estreinatu zuten Zohardia dokumentala. Igandean Antiguako Txantxarreka gaztetxean ikusteko aukera izango da. Dokumentalaren zuzendari Lander Iruin izango da Txantxarrekan. Filmaren aurkezpena egingo du 18:00etan, eta galderak erantzungo ditu. Ondoren filmaren proiekzioa emango dute.