TAO zerbitzua mugikorraren bidez ordaintzeko aplikazio bat sortu dute
Mugikorraren bidez %6 garestiagoa izango da aparkatzea.
Azaroaren 25etik aurrera aparkatzeko txartela mugikorraren bidez ordaintzeko aukera eskainiko dute hirian. Eysa enpresa arduratzen da hiriko TAO sistemaren kudeaketaz, eta gaur egin dute EYSAMobile aplikazio berriaren aurkezpena.
Ugaitz Goñi, Eysa enpresako ordezkariak eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak eman dute sistemaren berri. Oso aplikazio bisuala eta erabiltzeko erraza dela azaldu du Goñik eta erakustaldi txiki bat egin du.
Pauso azkar batzuen bidez TAO txartela ordaindu, aparkatzeko denbora luzatu, isunak kendu eta beste hainbat eragiketa egin daitezke. Erabiltzaileentzako “erraztasunak” ekarriko dituela adierazi du Aranak, baina erraztasun horiek kostu bat ere izango dute, aplikazioa erabiliz aparkatzea %6 garestiagoa izango baita. Momentuz TAO tarifa orokorra (1) bakarrik ordaindu ahalko da mugikorraren bidez.
Goñik azaldu duenez, 40 hiritan dago erabilgarri sistema hau; Euskal Autonomia Erkidegoan Irunen, Getxon, eta orain Donostian.