'Beti oporretan' ipuin liburua aurkeztuko du Harkaitz Canok
Durangoko Azoka gero eta gertuago dago, eta jada hasi dira liburu eta diskoen aurkezpenak. Harkaitz Cano idazle donostiarrak hurrengo ostiralean, hilaren 27an, aurkeztuko du ipuin liburu berria: Beti oporretan. Susa argitaletxeak kaleratuko du hamalau ipuinekin osatutako argitalpena.
“Uda, asteburu luzea, txangoa. Geure buruari opa diogun gozamen tartea da oporraldia. Atseden hartu eta indarrak berritzeko sasoi irrikatua. Beti ez dira gauzak espero bezala gertatzen hala ere. Desegokia suerta daiteke bidaidea, nahas liteke giroa edo trakestu familiako bakea. Itsasoa, erreka, igerilekua, hondartza, irla… nabarmen urtarrak eta naturaren atseginari lotuak dira narrazio hauetako asko. Baina bizipozaren ifrentzuak ere badu bere taupada: iraganeko zoriona berritu ezinak dakarren sosegu eza. Zoriontsuak izan ginen lekuetara ez itzultzea gomendatzen dute zuhurrenek. Nola eutsi tentazioari, ordea, noizbait paradisu txikiren bat ezagutu baldin badugu?”. Horra, Susa argitaletxeak eman duen aurrerapena.