San Tomas egunean 37 ikastetxek eta 13 elkartek jarriko dute txistorra postua
San Tomas eguneko postuen zerrenda honetan ikus daiteke zein ikastetxe edo elkarte egongo den leku bakoitzean.
Udalbatza aretoa lepo bete zen atzo, baina ez udal ordezkarien bilkuragatik, San Tomas eguneko postuen zozketa egin zutelako baizik. 50 postu eskaini dituzte, eta %80, 40 postu, beraz, ikastetxeentzako gordetzen dituzte; gainerakoak, elkarteen artean banatzeko izaten dira.
Aurten 37 ikastetxek eman dute izena, beraz, guztiek lortu dute postu bat. Soberan geratu diren hiru postuak elkarteen multzora pasa dituzte. Kasu gehienetan ikastetxe bakoitzak eskaera bat baino gehiago egin ohi ditu, 85 izan direlarik orotara aurten, eta zozketa bidez erabaki dute nori eta non eman txistorra postua. Eskaera egin duten ekarteak, berriz, 72 izan dira.
Jendetza biltzen da San Tomas egunean hirian, eta jai giroa ere hainbat kaletara zabaltzen da. Hortaz, honela banatzen dituzte postuak: Konstituzio plazan, 14; Gipuzkoa plazan, 14; Sarriegi plazan, 8; Bulebarrean, 6; Okendo plazan, 4; eta San Juan kalean, beste lau postu.