Erregistroan dagokion dokumentazioa aurkeztu ostean, Osakidetzaren esku utziko du inguru hori.
Zuhaitzez betea dago, momentu honetan, anbulatorioa eraiki nahi duten gunea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aieteko anbulatorioaren proiektua aurrera doa pixkanaka. Izan ere, auzoko bi lursailen jabe egin berri da udala, bertan osasun etxea eraikitzeko asmoz, Enrique Ramos Hiri Proiektuetako zinegotziaren arabera. Zehazki, honako bi partzelen titulartasuna eskuratu du udalak: Pio Baroja pasealekua 55-57, eta Aiete pasealekua 41-43; hau da, ikasle egoitzaren ondoan eta mojen komentuaren parean. Orain, udalak Osakidetzaren esku utziko du inguru hori, osasun etxea bertan jartzeko. Horretarako, lurren kalifikazioa aldatu beharko dute, komunitateen arloko izendapena emanez.
Zehazki, irailaren 17an ekin zioten bi lursail horiek erregularizatu eta erregistroan izena emateako espedienteari. Alegaziorik egon ez denez, udalari dagokio jabetza hori erregularizatze: “Asteartean onartuko dugu dokumentazio ofizial guztia, erregistrora eramateko”, argitu du Ramosek. Osakidetzaren aurreikuspenen arabera, 2016an proiektua aurkeztu eta Eusko Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontuetan sar dezake eskaria.
Udalaren kalkuluen arabera, 1.500 metro koadro izango ditu eraikin berriaren oinarriak, eta beste 1.000 metro koadro gehiago beste bi solairutan (sotoa eta erdisotoa).
Bizilagunen aspaldiko eskaera
Aieteko bizilagunen aspaldiko eskaera da auzoan bertan anbulatorio bat izatea. Gaur egun, Amarara edo Benta Berrira joan behar izaten baitute auzotarrek, medikuen arreta jasotzeko. Udalak, azkenean, bizilagunekin adostu zuen anbulatorioaren kokapena.