Udalak proposamenak egiteko epea zabaldu du, abendua bitartean.
2015eko Hiritar Merezimenduaren Dominen ekitaldia. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Udalak zabaldu du jada
Hiritar Merezimenduaren Dominetarako eta
Urrezko Danborrerako hautagaiak aurkezteko epea. Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziak azaldu duenez, dominetarako hautagaiak abenduaren 7ra arte aurkez daitezke, eta Urrezko Danborrerakoak, berriz, abenduaren 18a arte. Urtero bezala, dominak San Sebastian egunaren bezperan banatuko dituzte, arratsaldez; Urrezko Danborra, berriz, San Sebastian egunean bertan banatzen dute, goizean; bi ekitaldiak Udalbatza Aretoan egiten dituzte.
Hautagaiak proposatu nahi dituztenek eskabide orri bat bete behar dute, hautagaiak egin duen lana edo merezimenduak azalduz, eta udalaren edozein erregistro orokorretan aurkeztu behar dute: Udaletxean, Goikoa Jauregian, Morlanseko eraikinean, Altzako Alkateordetzan, Herritarren Partaidetzako Zerbitzuan eta hiriko kultur etxeetan. “Donostiarrak animatu nahi ditut norbanakoak edo elkarteak proposatzera; hiriaren alde aparteko lana egiten ari direnak edo egin dutenak, eta, proposatzaileen iritzian, aitortza publikoa merezi dutenak”, adierazi du Agirrezabalagak. Dagoeneko hasi dira talde eta elkarte asko alkatetzaren gutuna jasotzen, beharrezko informazio guztiarekin, 2016ko sarietarako hautagaiak aurkez ditzaten, hala nahi izanez gero.
Duela urte batzuetatik hona, bost domina ematen dituzte urtean, Udalaren Ohore eta Sarien Araudiaren arabera, eta Udalak erabakitzen du saria nori eman, herritarren eta udal taldeen proposamenak jaso ondoren.
Urrezko Danborra urtero Donostia Turismok ematen duen saria da. Bere ibilbideagatik, lan profesionalagatik edo beste edozein arrazoirengatik, kanpoan hiriaren irudi positibo eta erakargarria zabaldu duten pertsonak saritzen ditu. Kasu horretan, Donostia Turismo Elkartearen Administrazio Kontseilua arduratzen da hautaketaz, eta udalbatzaren gehiengo osoak berretsi behar du erabakia. Urtean Urrezko Danbor bakarra banatzen dute, eta saria jabegabe ere gera daiteke.
Honakoek jaso zituzten 2015eko Hiritar Merezimenduaren Dominak: Kantu Jira, Juan Jose Ocon musikari eta orkestra zuzendaria, Gurutze Gorriaren Txoko-Txiki, Goienetxe Fundazioa eta Maria Jesus Bragado irakaslea. Urrezko Danborra Pedro Subijana sukaldariarentzat izan zen.