Osteguneko udalbatzarraren aurretik minutu bateko isilunea egingo dute, indarkeria matxista jasandako emakumeen omenez.
Usandizaga Institutuko diseinu grafikoko ikasleek aurkeztu dute indarkeria matxistaren aurkako kanpaina, udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Asteazkenean, azaroak 25, ospatzen da
Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko eguna, eta udalak ere bat egin du aldarrikapenekin.
Ez, ezetz da leloa berreskuratu dute, eta mezu hori oinarri hartuta egin dute Usandizaga Institutuko diseinu grafikoko ikasleek sentsibilizazio kanpaina ere.
Spray antimatxista bat sortu dute oraingoan, “gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak ezabatzen dituen spray-a da, usain matxistak ezabatzen dituena; jendartearen oinarrian dagoen matxismoa garbitzen duen spray-a”, adierazi dute ikasleek.
Duñike Agirrezabalaga Berdintasun eta Lankidetza zinegotziaren esanetan, “
kultura matxista oso errotua dago jendartean eta horri aurre egiteko
heziketan dago gakoa“. Halaber, indarkeria mota asko daudela salatu du zinegotziak: “eraso fisikoak dira agian gehien nabarmentzen direnak, baina emakumeen aurkako erasoak mota eta maila askotarikoak dira: eraso psikologikoak, hitz egiteko moduak, txisteak edo lagun arteko graziak, publizitatea… edonon aurki daitezke indarkeria zantzuak, eta horiek guztiak salatzea ezinbestekoa da, arazoa errotik konpontzeko. Arazoak erantzun integrala behar du; garrantzitsua da herritarrek, gizon zein emakume, inola ere ez onartzea halako egoerarik”, esan du Agirrezabalagak.
Horregatik,
salatzeko deia egin du Agirrezabalagak, baina ez indarkeria jasan duten emakumeei bakarrik, baita inguruko senide, lagun edo herritarrei ere. Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak jakinarazi duenez, Gipuzkoan 2015eko lehen seihilekoan 570 salaketa jarri zituzten eta %20 atzera bota zituzten, testigantza faltagatik.
Indarkeria matxista dela eta, egunean hiru salaketa jartzen dituzte Gipuzkoan; 11 salaketa Euskal Autonomia Erkidegoan; eta 346 Espainian.
Ikur lilak, nonahi
Azaroak 25a bada ere eguna, gaurtik aurrera emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko kartelak jarrita egongo dira udaletxean eta Goikoa jauregian. Gainera, dagoeneko aldarrikapenaren ikur bihurtu diren
130 puntu lila banatuko dituzte autobus publikoetan jartzeko eta beste 1.000 eranskailu, ibilgailu, erakusleiho edo atarietan jartzeko.
Udal ordezkariek erakunde adierazpen bat irakurriko dute asteazkenean, eta
osteguneko udalbatzarra hasi aurretik minutu bateko isilunea egingo dute, indarkeria matxista jasandako emakumeak gogoratzeko.
Bestalde,
Donostiako Koordinakunde Feministak deituta,
manifestazio bat egingo dute asteazkenean 19:00etan, Bulebarretik abiatuta.
Emakumeen Etxeak, berriz, hitzaldi ziklo bat prestatu du: Gaur, 19:00etan:
Indarkeria sexistaren kontrako feminismoa: estrategiak eta iradokizunak, Maria Naredo. Bihar, azaroak 24, 19:00etan:
Indarkeria hedabideetan, Lucia Martinez.
Aldundiak, Gipuzkoa “emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko lurralde” bihurtzeko gogoeta saioa egingo du gaur arratsaldean, Tabakalerako Z aretoan.