Klima aldaketaren aurkako txirrindulari martxa ostiralean iritsiko da Donostiara
Espainiako AMA Elkarteak antolatu du bizikleta martxa. Bidean, parte hartzaileek sinadurak bilduko dituzte, eta Parisera eraman. Modu horretan, akordio global eta loteslea eskatu nahi diete COP21en parte hartuko duten ordezkaritza garrantzitsuenei.
Klima Aldaketari Konponbideak bizikleta martxa Euskal Herrian sartuko da asteartean. Abenduaren 10ean Parisera ailegatzea da helburua, handik bi egunera egin nahi duten manifestazioan parte hartzeko, COP21 klimaren gailurra amaitu eta biharamunean. Parisen gasen isurketak murrizteko mundu mailako ituna osatuko dute goi bilera horretan, eta bertara iritsi nahi du bizikleta martxak. Europako lau gunetatik lau bizikleta lerro irten dira. Duela hilabete inguru Valentziatik (Herrialde Katalanak) irten zen lerroa bihar iritsiko da Euskal Herrira.
Arabatik sartuko da martxa Euskal Herrira, eta azaroaren 30ean irtengo da, Baionatik abiatuko den etapan. Donostiara ostiralean (hilaren 27an) 17:00etan iritsiko da printzipioz (Azpeititik etorriko da), 1.800 kilometro egin ondoren. Donostiako Kalapie Txirrindularien Elkartea, Greenpeace, Otarra eta Ekologistak Martxan elkarteek bizikleta martxan parte hartzera eta klima aldaketaren aurkako ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Ostiralean iritsiko da Donostiara, eta larunbatean hainbat jarduera egingo dituzte. Arratsaldean bizikleta martxa musikatua hasiko dute Alderdi Ederretik, bizikleta martxari buruzko informazioa banatuko dute eta harrera egingo diete udaletxean.
EGITARAUA
Ostirala, hilaren 27a 17:00: Errekalden egingo diete harrera bizikletaz.Larunbata, hilaren 28a
11:00: Bulebarreko kioskoan mahai informatiboa.
17:00: Harrera udaletxean.
18:00: Alberdi Ederretik bizikleta martxa musikatua hasiko da.
Igandea, hilaren 29a
9:00: Baionarantz irteera.