Urtarrilean hasiko dira lanak.
Mundaiz zubia. (Argazkia: Donostiako Udala)
Mundaiz zubia 2000. urtean inauguratu zuten, eta denbora gutxira pintura altxatzen hasi zitzaion. Udalaren ustez, eraiki zuen enpresarena da erantzukizuna. Dena dela, Ernesto Gasco alkateordeak adierazi duenez, hiriko sarreran dago Mundaiz zubia eta “oso itxura txarra” ematen du. Horregatik, udal gobernuak bere gain hartuko ditu lanak, enpresa arduradunak bere gain hartzen ez badu ere konponketa.
Hala, “auzia gehiago ez luzatzeko” txukuntze lanekin hasiko dira. Gascok azaldu duenez, kontu handiz egin beharreko lanak dira, “ibaira hondakinik ez botatzeko”. Lehenik, altxatzen hasita daukan pintura guztia kenduko diote, gainazala ondo garbitu, eta behar den bezala margotuko dute berriro. Horretarako orga bat erabiliko dute, zubiaren alde batetik bestera mugituko dena. Lan guztiak ibaiaren gainetik egingo dituztenez, ez du eraginik izango trafikoan.
Gascok azaldu duenez, proiektua amaitu eta zereginak zehaztu ondoren,
urtarrilaren hasieran hasiko dira lanekin, eta hiru hilabetean amaitzea aurreikusi dute.
120.000 bat euro kostako da Mundaiz zubia garbitu eta berriro margotzea.