Jasotako 49 film laburretatik 18 eskainiko dituzte ostegunetik larunbatera, Aquariumen eta Tabakaleran.
Zinemaldiaren arduradunak, Ikertzeren egoitzan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hamar urte daramatza
Ikertze kultur elkarteak zinema arte gisa lantzen. Hainbat ikastetxetan eta Atzegirekin elkarlanean, tailerrak ematen ditu elkarteak. Hala, zinema sormen- eta hausnarketa-esperientzia bilakatzen dute, praktika zinematografikoan erabiltzen diren balore artistiko, kultural eta pertsonalez baliatuz. Zinema arte gisa eta munduarekin erlazionatzeko modu gisa ulertzen dute, eta orain arte hainbat film labur osatu dituzte tailerretan. Hori horrela,
Nazioarteko Begiradak Zinemaldia antolatu dute aurten, egiten duten lan hori ikusarazteko. Azken batean, haur eta gazte ez profesionalei zuzendutako lehiaketa bat da, eta aste honetan bertan eskainiko dituzte aukeratutako lan batzuk. Partaideek gehienez 15 minutuko iraupena duen film labur bat osatu behar izan dute, gai librean, eta irailaren 15etik azaroaren 13ra zabaldu zuten lanak jasotzeko epea. Guztira, 49 lan jaso dituzte -tartean, Amara Berriko ikasleen lan bat-, eta horietatik 18 aukeratu dituzte. Hala, datorren osteguna eta larunbata bitartean eskainiko dituzte film horiek, Tabakaleran eta Aquariumen. Ondoren, Tabakaleran, sari emate ekitaldia egingo dute, larunbat arratsaldean, Afrika Baetaren eskutik. Guztira, bederatzi sari banatuko dituzte,
hainbat sailetan banaturik.
Filmak ikustera 500 ikasle joango direla diote antolatzaileek: ostegunean, Lehen Hezkuntzakoak; eta ostiralean, DBHkoak. Larunbatean, berriz, sarrera irekia izango da. Hala, egun bakoitzerako film aukeraketa berezi bat egin dute. “Emanaldietara joaten direnek Begiradak Zinemaldia zer den ulertzea nahi dugu”, dio Blanca Zaragueta Ikertzeko kideak. Filmak euskaraz, gazteleraz, katalanez zein galizieraz filmatuak daude, baina guztiek gaztelerazko azpidatziak dituzte.
NAZIOARTEKO BEGIRADAK ZINEMALDIA
AZAROAK 26, OSTEGUNA.
- 11:30-13:30. Film laburren proiekzioa, Lehen Hezkuntzako haurrentzat. , Tabakaleran eta Aquariumen.
AZAROAK 27, OSTIRALA.
- 11:00. Jaialdiaren aurkezpena, Tabakaleran.
- 11:30-13:30. Film laburren proiekzioa, DBHko ikasleentzat, Tabakaleran eta Aquariumen.
- 17:30. Hitzaldia eta mahai ingurua: Zinema: Bizitzarako pedagogia, Enrique Martinez Salanovarekin.
AZAROAK 28, LARUNBATA.
- 11:30. Fil laburren proiekzio irekia, Tabakaleran eta Aquariumen.
- Zinemarako makillaje tailerra, Aficionarts taldearen eskutik, Tabakaleran.
- 17:30. Gala eta sari banaketa, Aquariumen. Sarrera doakoa eta irekia izango da, aretoa bete bitartean.