Afrikar batekin maiteminduko da familia ez ohiko bateko alaba, eta etxean hainbat buruhauste sortuko ditu.
Etxekoak antzezlaneko aktoreak.
Mamadou afrikarrarekin maitemindu da Maddi, eta etxean horren berri ematean sortuko da nahaste guztia.
Etxekoak, horixe da Huts Teatroaren lan berriaren izenburua; Egiako Gazteszenen ikusteko aukera egongo da, ostegunetik igandera. Antzezlaneko aktoreekin egon da IRUTXULOKO HITZA, lanaren berri izateko. “Nire bizipen pertsonal bat da antzezlanaren ideia. Ni kubatar neska batekin maitemindu nintzen, eta bera Euskal Herrira ekartzea traba eta oztopo burokratikoz beteriko amaraun bat izan zen”, azaldu du Ander Lipus aktore eta zuzendariak. Gertaera horren berri eman zion Lipusek Jon Gerediaga idazleari, eta ideia horren bueltan sortu dute
Etxekoak. Goio osaba tentela, Imanol osaba neurotikoa, eta amama dira Maddiren etxekoak, eta haiekin hainbat tirabira biziko ditu. “Imanolen lehen galdera izango da, ‘Beltza da?’, eta bigarrena, ‘euskaraz daki?’, dio Lipusek.
Azken batean, saltsa burokratikoak landuko ditu antzezlanak, eta aldi berean, etxeko bakoitzak immigrazioaren kontua nola bizi duen. “Zerk egiten du zerbait etxekoa edo kanpokoa eta etsaia izatea? hortaz hitz egiten du obrak”, dio Lipusek.
Azaroaren 1ean estreinatu zuten antzezlana Luhusoko Harri Xurin, eta dagoeneko Iruñean, Bilbon eta Gasteizen ere egon dira. Gazteszenara publikoa hurbiltzea espero du Lipusek: “Orain Donostiara gatoz, eta espero dugu etxean bezala sentitzea, orain arte hala izan baita”. Maika Etxaluz aktorea pozik agertu da: “Orain arte harrera ona izan dugu, testua erraz iristen da. Badu dimentsio poetiko bat, baina aldi berean, dena dira etxeko gauzak, eta etxe barneko giro hori edonori iristen zaiola uste dut”. Istorio tragikoa izan arren, alde komikoa ere baduela diote aktoreek.
‘ETXEKOAK’ ANTZEZLANA.
- KONPAINIA. Artedrama, Huts Teatroa.
- AKTOREAK. Javier Barandiaran (Goio), Kristiane Etxaluz (Amama), Maika Etxekopar (Maddi) eta Ander Lipus (Imanol).
- NON. Egiako Gazteszenan.
- NOIZ. Azaroaren 26tik 29ra.
- ORDUA. 20:00ak.
- PREZIOA. 10 euro.