Bizikletentzako aparkaleku bat egitea edo pasabidea guztiz estaltzea dira aukerak.
Karlos I.aren hiribideko lurpeko pasabidea. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
‘
Bietako zein aukera nahiago duzu?, Lur azpiko pasabidea guztiz kentzea; bizikletak gordetzeko aparkalekua eraikitzea‘. Hauxe da Amara Berriko bizilagunek jasoko duten galdera eta erantzuteko bi aukerak. Karlos I.aren etorbideak eztabaida sortu du amaratarren artean, eta azken aldian eztabaida hori lurpeko pasabidean oinarritu da.
Aurreko legealdian Bilduk bizikletentzako aparkaleku bat egiteko proiektu bat onartu zuen, baina udal gobernu berriak zalantzak ditu.
Bi aukerak zilegiak direla adierazi du Duñike Agirrezabalaga Auzoak eta Deszentralizazioko zinegotziak, eta
auzotarren iritzia jasotzeko galdeketa bat egingo dute: “Auzotarren iritzia kontuan izango dugu, eta erabaki bat hartzen lagunduko digu”, esan du.
Lurpeko pasabidea guztiz estaltzen bada, oinezkoentzako guneak eta irisgarritasuna hobetuko liratekeela uste du udal gobernuak. Gainera, igarobide hau Donostiako puntu beltzen mapan jasoa dagoela gogoratu du Agirrezabalagak, beraz, bere ustez kontraesankorra litzateke erabilera bat ematea.
Dena dela, aukera hori ere onargarria dela uste du udal gobernuak, eta horren aldeko iritziak jasotzen badituzte, zein erabilera eman zehaztuko dute. Bizikletentzako aparkaleku bat egitekotan, sistema egokiena aztertu beharko luketela adierazi du, baina betiere, aparkalekuek tarifa bat izango luketela aurreratu du.
Abenduan egingo dute galdeketa. Karlos I.aren hiribidean eta inguruetan bizi diren bizilagunek gutun bat jasoko dute etxean.
15.000 gutun prestatu dituzte, eta zehazki Javier Barkaiztegi eta Jose Maria Salaberria kaleetan, Errondo pasealekuan, eta Madril nahiz Karlos I.aren hiribideetan bizi diren bizilagunek jasoko dute.
Agirrezabalagak iritzia eman eta parte hartzeko deia egin du. Galdeketa bete eta postaz bidali behar da, inolako kosturik gabe. Auzoak eta Deszentralizazio sailak jasoko ditu guztiak, eta zenbatu ondoren emango dute emaitzaren berri.