Abenduaren 19tik urtarrilaren 6ra izango da zabalik.
Izotz pista bat, Irunen. (Argazkia: Oarso Bidasoko Hitza)
Gabonetan, haur zein helduek izotz pista batez gozatzeko aukera izango dute. Groseko
Katalunia plazan, San Ignazio elizaren ondoan, jarriko dute izotzean patinetan ibiltzeko pista. Abenduaren 19tik urtarrilaren 6a bitartean izango da zabalik.
SShops Donostia plataformaren ekimenez prestatu dute izotz pista, eta udalarekin elkarlanean jarriko du pista. Guztira 46.000 euroko kostua izango du – udalak 6.000 euroko diru laguntza emango du-. Merkatarien plataformak erosketak dinamizatu nahi ditu, herritarrei aisialdirako eta kirola egiteko alternatibak eskainiz. Hain zuzen, SShops plataformako dendetan erosten dutenek doako sarrerak eskuratu ahal izango dituzte.
Ez dute izotz naturala erabiliko, izotz ekologikoa baizik. Material sintetikodun xafla batzuk dira, horrela bermatuko dute izotz pista beti prest eta baldintza onenetan egotea. 150 metro koadroko izotz pista izango da – 10 metro zabaleran eta 15 metro luzeran- eta karpa moduko batekin estaliko dute. Patinak alokatzeko zerbitzua jarriko dute, eta 175 pare izango dira eskuragarri. Izotz pista 10:00etatik 21:00etara izango da zabalik.