Musutruk aritzen diren gipuzkoarren borondatea ikus daiteke, 2016 Gunean: 'Gipuzkoako boluntariotza iruditan'.
Edozein adinetako lagunak ikus daitezke lanean erakusketako argazkietan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da abenduaren 5a. Hari horri tiraka, hogei bat jardueraz osatutako
egitaraua prestatu du Sareginez Gipuzkoako boluntariotzaren sareak, Gizalde boluntariotza agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Jarduerek hiru asteko iraupena izango dute, eta gaur bertan eman diote hasiera, 2016 Gunean zabaldu duten erakusketa batekin:
Gipuzkoako boluntariotza iruditan. Hain zuzen ere,
Boluntariotza(n) (h)astea(n) sortu dute, Donostia 2016ren boluntariotza-kanpainaren baitan. Hala,
Donostia 2016 Fundazioak eta bat egingo du boluntariotzari eskainitako jarduerekin.
Erakusketak gizarte justu eta solidarioago bat eraikitzeko bidea izan nahi du, eta egunero euren ekarpena egiten duten pertsonak aurkezten ditu, eta abenduaren 11ra arte egongo da zabalik. Zaharrekin, bazterkeria jasaten dutenekin, zein natura zaitzen lanean ikus daitezke boluntarioak. “Duela urtebete erakusketa batean pentsatzen hasi ginen, eta erronka bete dugu. Argazkiak ez dira espektakularrak, euren eguneroko lana oso ondo islatzen dutela uste dugu”, dio Olatz Mirandak, Sareginez boluntariotza-sareko kideak.
“Boluntario izateko ez da ikasketarik eskatzen. Norbera den bezala aurkeztea da gakoa. Garen bezala. Zaren bezala. Abenduaren 5ean Nazioarteko Boluntariotzaren Eguna izango da. Ez dugu boluntaiotza egun bateko gauza izan dadin nahi, egunerokoa eta urterokoa baizik. Guztiok elkarrekin, sare lana eginez gizarte hobeago bat ehundu dezakegu. Boluntario izan nahi?”, irakur daiteke erakusketako argazkien artean.
Donostia 2016 boluntario bila
Hiriburutza-urtean parte hartu nahi duten boluntarioak bilatzeko kanpaina bat abian jarri berri du Donostia 2016 Fundazioak,
Bagera, zu ere bai? lelopean. “2016rekin bat egiteko era asko daude, eta horietako bat, boluntariotza da. Askotan, itsasoarekin lotzen dugu 2016 Fundazioa, eta metafora polita da ikustea, saregileen lana askotan ez dela ikusten baina beraiek gabe arrantzaleek ezingo lukete euren lana egin. Boluntarioak ere ez dira askotan ikusten, baina beharrezkoak dira gizartean”, azaldu du Enara Garcia Donostia 2016ko partaidetza arduradunak.
Boluntario izan nahi duen herritarrak berak erabakiko du bere inplikazio-maila zenbatekoa izango den. Donostia 2016k aukera eskainiko die herritar guztiei boluntario izateko oinarrizko prestakuntza bat jasotzeko, presentzialki abendutik aurrera, eta baita Internet bidezko joko batekin ere.