PSE-EEk eta PPk ez dute Mikel Zabalzari buruzko mozioa babestu
Gaurko egunez, duela 30 urte, Mikel Zabalza atxilotu zuten Altzan. Nafarra 19 egun geroago aurkitu zuten hilda, Bidasoa ibaian. «Gertatutakoa argitzeko, erreparazioa eskatzeko eta justizia egiteko», mozio bat adostu dute EAJk, EH Bilduk eta Irabazi Donostiak, gaurko udalbatzarrean. PSE-EEk abstentzioaren aldeko hautua egin du eta PPk kontra bozkatu du, biek antzeko arrazoiengatik: «Indarkeriaren gainontzeko biktimak ez aipatzeagatik», PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascoren hitzetan. «Hildako guztiei buruzko mozioak ekarri behar baditugu, ez lirateke udalbatzar nahikorik egongo», adierazi du PPko bozeramaile Miren Albisturrek.
Duela 30 urte, gaia ere udalbatzarrera eraman zuten, eta orduan PSE-EEk kontra bozkatu zuen eta PP abstenitu egin zen. Odon Elorza eta Gregorio Ordoñez ziren bi alderdi hauetako ordezkariak, garai hartan. Mozioarekin Julen Elgorriaga gobernadore zibilarengana joatea eskatu zuten, Mikel Zabalza kasuari buruzko azalpenak exijitzera. Mozioak aurrera egin zuen, eta Ramon Labaien orduko alkateak hitz egin zuen Elgorriagarekin.
Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak eta Zabalzaren familia egon dira udalbatzarrean, eta txalo batekin hartu dute mozioa onartu izana. “Pozgarria da gaur udalak mozioa onartzearekin hartu duen konpromisoa. Hemendik aurrera ere Altzan sortutako herri ekimenak lanean jarraituko du. Oxigenoa ematen digu lanean jarraitzeko”, adierazi dute.
Erlazionatutako edukiaGaurko egunez duela 30 urte atxilotu zuten Altzan Mikel Zabalza