Loiola ez dago hiriko auzo euskaldunenen zerrendan, baina bertan ere badaude euskaraz bizi diren bizilagunak. Horietako batzuekin egon da IRUTXULOKO HITZA, Euskararen Egunaren atarian.

Bertso saioa izan zuten joan den igandean, Loiolako Eliza kalean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostia hiri euskalduna dela esaten da maiz, baina, hiriko auzo euskaldunenak aipatzeko orduan, Loiola atzean geratzen da. Edonola, abenduaren 3ko Euskararen Eguna iristear dagoenean, euskarazko jardueretan sartu da dagoeneko hiria, eta, urtero legez, Loiolan ere bertako hizkuntza aldarrikatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Aiko taldearekin erromeria euriaren ondorioz atzeratu egin behar izan duten arren, bertso saioa eta bazkaria izan zituzten joan den asteburuan, Hontza Elkartean. Bertan bildutako batzuekin egon zen IRUTXULOKO HITZA.
Miren Aranzabal: «Ez dut uste egun zehatz bat ospatu beharra dagoenik»

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskararen eguna ez dut ospatzen, ez dut ezer berezirik egiten. Gu euskaraz bizi gara. Beraz, ez dut uste egun zehatz bat ospatu beharra dagoenik; denok euskaraz bizi behar gara! Dagoeneko jada 23 urtetik beherako guztiak euskaldunak dira. Hortaz, ez dago arazorik guztiek euskaraz hitz egiteko. Jendeak uste duena baino askoz euskaldun gehiago daude Loiolan; asko dira bertako zaharrak, Loiolako euskaran hitz egiten dutenak. Lehenengo hitza euskaraz egiten baduzu, ezusteak hartzen dituzu.
Juan Balda: «Askotan oso erraz aldatzen dugu hizkuntzaz»

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Auzoan Euskararen Egunaren harira antolatzen diren gauzetan gehiago edo gutxiago parte hartzen dut; auzoan gutxienez ikus dezatela gauzak antolatzen ditugula, eta euskaraz bizi garela. Euskaldunak bagaude Loiolan, baina gertatzen dena da askotan gure artean ere ez dugula euskaraz egiten beharko genukeena bezainbeste. Euskaraz egin daiteke denda askotan, baina ohiturak aldatzea zaila da. Bakarra badago ere euskaraz ez dakiena, askotan oso erraz aldatzen dugu hizkuntzaz.
Mikel Pascual: «Mintzodromo bat antolatu dugu berrikuntza gisa»

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Duela urte batzuk eskatu ziguten udaleko Euskara Sailetik Loiolan ere Euskararen Egunarekin bat egiteko. Hasieran Hontza elkartea bakarrik ginen, eta orain gehiago. Saiatzen gara hiru astez gauzak antolatzen, eta inguruko euskaltzaleen laguntza izaten dugu. Aurten, Mintzodromo bat antolatu dugu berrikuntza gisa, eta haurrentzat ere beti izaten dugu zerbait. Jendeak parte hartzen du eta polita izaten da. Urtero gauza berriak egiten ditugu, eta jende berria erakartzen saiatzen gara.
Kepa Labeaga: «Euskaldun dezente gauden arren, gutxi egiten da euskaraz»

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskararen Eguna igarotzen dut euskaraz eginez urte osoan, hori da niretzako Euskararen Eguna: 365 egun. Kezka handi bat dut, gazteen artean euskañol asko erabiltzen delako; euskararentzako oso kaltegarria iruditzen zait. Auzo honetan euskaldun dezente gauden arren, gutxi egiten da euskaraz. Nik ikusten ditut batzutan euskaldunak, hainbeste borrokatu dutenak, orain ez dutenak euskaraz egiten; ez dut ulertzen, eta errieta asko egiten ditut. Askotan galdetzen dut zergatik ez dugun euskaraz gehiago egiten.
Libe Goñi: «Loiolan umeen artean euskaraz egiten dugu»

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Sustrai aisialdi taldearekin jarduerak egiten ditugu euskaraz, jolasak, tailerrak, bideoak ikusi… Normalean larunbatetan eta igandetan egiten ditugu gauzak, eta irteerak ere egiten ditugu, Beizamara eta horrela. Loiolan umeen artean euskaraz egiten dugu; handiagoek agian gutxiago, baina txikien artean normalean bai. Gazteen artean uste dut ez dagoela hainbesteko euskal girorik, baina zaharragoen artean bai, eta gu saiatzen gara beraiekin euskaraz hitz egiten.