Hondartzen nazioarteko biltzarrean saritu dute Zurriola. (Argazkia: Donostiako Udala)
Malagan Hondartzen Nazioarteko Biltzarra ospatzen ari dira, eta bertan eman diote Zurriolako hondartzari ‘Ecoplayas 2015’ bandera. Bi izan dira arrazoi nagusiak. Batetik, denboraleak eragindako kalteak konpontzeko egindako egokitzapen lanak, eta bestetik, surflarientzako eremua zehaztu izana.
Miguel Angel Diez Ingurumen zinegotziak jaso du bandera, hondartzen kudeaketaz arduratzen diren udal teknikariekin batera. Diezen esanetan, “hiriko hondartzak zaintzen eta mantentzen egiten dugun ahalegina aitortzea oso garrantzitsua da. Egunero garbitzen dira hondartzak, ez udan bakarrik”.
Denboraleen kalteak konpontzeko 1.100.000 metro kuadro hondar gehitu dizkiote Zurriolari, 50 metroko zabalera irabaziz hondartzari. Kaimuturra ere konpondu dute, hainbat harri jarriz.
Lan hauez gain, erabiltzaileen beharretara egokitzeko ahalegina aitortu dute Malagan. Diezek adierazi duenez, “hondartzako eremuak banatu izanak bainua hartzen ari diren pertsonen eta surfean ari direnen arteko arazoak ekidin ditu”.