San Telmo Museoko Laborategian egongo da ikusgai, otsailaren 14a arte.
Artzeren hitzak eskaini dituzte Ikimilikiliklik erakusketaren aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
San Telmo Museoak eta
Mikel Laboa Katedrak
Ikimilikiliklik. JA Artzeren Unibertsoa erakusketa aurkeztu dute gaur. Zentzumen guztiekin xurgatzeko erakusketa bat da, soinu, irudi eta hitzekin jolasten baitu, eta ikusleak
Artzeren 40 urtetako sormen poetikoaz gozatzeko aukera izango du ikus-entzunezko ibilbide bati esker.
Juan Kruz Igerabide, Laboa Katedraren zuzendariaren esanetan “Laboaren garaia eta berarekin aritu ziren sortzaileen lanak ezagutzeko aukera” ere ematen du proiektu honek. Izan ere, Joxean Artze ezaguna da Laboaren
Txoria txori,
Gure bazterrak edo
Zaude lasai abestien letrak egin zituelako; edo baita bere anaiarekin txalapartari gisa aritu zelako ere. Baina erakusketa honetan
Ez dok Amairu mugimenduaren garaiko sorkuntza lanez gain, “Artzeren aurpegirik ezezagunenak” ere agerian utzi dituztela adierazi dute antolatzaileek.
Laborategi aretoa osorik bihurtu dute arte erakusleiho. Hormak, lurra eta sabaia bera ere erakusketaren zati dira, guztietan islatzen baitituzte
irudiak, soinuak eta musika. Presarik gabe ikusteko erakusketa da, gogoetarako parada sortzen duena.
Eneko Goia alkateak ere idazle eta musikariaren ekarpena nabarmendu du. Artze, “euskal literaturaren sortzaileetako bat” dela adierazi du, eta erakusketa honen bidez, bere ekarpena aitortu eta artistari berari omenaldia egiten zaiola azpimarratu du.
Erakusketa museoko Laborategian egongo da ikusgai otsailaren 14a arte.
Martxoan, Biarritzeko Mediatekan egongo da ikusgai hilabetez.
Ez dok amairu oroituz jardunaldiak
Erakusketaren harira, EHUk eta Mikel Laboa Katedrak Ez dok amairu oroituz jardunaldiak antolatu dituzte San Telmo Museoan.
Abenduaren 9, asteazkena.
Hitzaldiak, Ana Gandara, Enrike Hurtado eta Imanol Artolaren eskutik. Iñar Sastrek kontzertua eskainiko du. 19:00etatik aurrera.
Abenduak 10, osteguna:
Iñar Sastreren kontzertua eta Oier Araolazaren hitzaldia, 19:00etan.
Harkaitz Cano, Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi eta Mitxel Muruak
Itzal Zaunka proiektua aurkeztuko dute, 20:00etan.