Edukiontzi marroia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udal gobernuak hondakinen kudeaketaren inguruan duen jarrera kritikatu du EH Bilduk. Axier Jaka zinegotziak larritzat jo du osteguneko udalbatzarrean EAJ eta PSE-EEk euren zuzenketak ez onartzea.
Batetik, 2016. urte bukaerarako
birziklapen tasa %60koa izan dadin hondakinen kudeaketa ereduan lan egiteko eskatu zuen Bilduk. Eta bestetik,
organikoa sailkatzen duten familiei hobariak emateko erreglamendua zehaztea eskatu zuen. Proposamen hauek ez zituzten onartu udalbatzarrean, udal gobernuak aurka bozkatu zuelako.
Jakaren ustez, jarrera horrek “logika bakarra” du: “donostiarrek ahalik eta gutxien birziklatzea nahi dute, Zubietako errauskailuari jaten emateko. Errauskailua bideragarria izateko berdin zaie birziklatze politiketan atzera egitea”.
Edukiontzi marroiaren bidez edo konpostaren bidez 23.000 familiek organikoa egoki kudeatzen dutela gogoratu du berriro Jakak; “Herritar horien ahaleginak konpentsatu behar dira”.
Egoki sailkatzen dutenei hobariak ematea ahalbidetzen duen ordenantza fiskala aurreko legegintzaldian onartu zuten, eta deskontuak zenbatekoak izan behar duten ere zehaztuta dago. “Hobariak jaso ahal izateko zein baldintza bete behar diren zehaztuko duen
erreglamendu bat egitea besterik ez da falta“, esan du Jakak.
Erreglamendu hori Hondakinen batzorde berriak sortzeko eskatuko du Bilduk lehen bileran, eta onartzen ez badute eurek euren izenean sortuko dutela iragarri du Axier Jakak.