Euskal Memoriak erbesteratuei eskaini die aurtengo lan monografikoa
'Iheslariak. Euskal erbestea (1936-2015)' izeneko 1.000 orrialdeko liburua argitaratu du fundazioak.
Euskal Memoria Fundazioak: Iheslariak. Euskal erbestea (1936-2015). Iñaki Egaña historialari amaratarra da liburuaren sinatzailea, baina elkarlana nabarmendu du egileak berak. Erbesteari buruzko ikerketa sakona egin du Egañak, eta izenak, lekuak, gertaerak eta datak jaso ditu, baita iheslarien hainbat lekukotasun ere. Hala, 1936 eta 2015 urteen artean iheslari izan direnen datu base berria osatu dute eta laster egongo da eskuragai euren webgunean: “Ehundaka testigantza jaso eta grabatu ditugu, baina batzuk ez ditugu transkribatu, oso gogorrak direlako”, azaldu du Egañak. EHUren Ibaetako campuseko Carlos Santamaria eraikinean egin dute liburuaren aurkezpena, eta bertan, honakoek hitz egin dute, Iñaki Egañarekin batera: Euskal Memoriako Karmele Urbistondo, Eugenio Etxebeste (iheslari eta preso ohia), Ikerne Letamendi (Txomin Letamendi zenaren alaba), eta Mixel Mendiburu (Anai Artea elkarteko presidentea ). Urte askoan iheslari politikoak izandako bat baino gehiago ere egon dira prentsaurrekoan.
Liburua sei atal nagusitan banatu dute, garai historikoen arabera: Nafarroako Konkistatik I. Mundu Gerrara; 1936ko gerraren garaia; frankismoa, 1961-1978; Espainiako 1978ko Konstituziotik gaur egunera. “Kanpoan kontu asko geratu zaizkigu, entziklopedia bat egiteko adina”, adierazi du Egañak.
Ostiralean, elkarrizketa
IRUTXULOKO HITZA Eugenio Etxebeste berarekin izan da. Jaiotzez donostiarra, Gros auzokoa, baina gaztetan ETAko kide zela erbestera jo behar izan zuen, poliziaren jazarpena zela eta. Iheslari zela hainbat herrialde igaro zituen, eta tartean Ekuador eta Argentina, eta Madrilen preso ere egon zen. 2004ean lortu zuen erabateko askatasuna. Bere bizipenen berri kontatuko dugu datorren ostiraleko astekarian.
Aurtengo lan monografikoaren berri eman du