Karlos I.aren etorbideko lurrazpiko pasabidea guztiz ixtearen aukera atzerapausotzat jo du Kalapiek
Udalak abian jarri duen galdeketa "harrigarri samarra" dela uste du txirrindularien elkarteak.
Amara Berriko bizilagun askok jada jaso dute etxean udalak bidalitako galdetegia. Karlos I.aren hiribideko pasabidea erabat itxi ala bizikletentzako aparkaleku bat egin nahi duten adierazi behar dute. Kalapie Elkarteak berretsi du bizikletentzako aparkalekua egitearen alde dagoela, eta galdetegia egitea “harrigarri samarra” dela plazaratu du: “Udalak ez du inoiz kontsultarik egin autoentzako aparkalekuak eraikitzeko, ez etxebizitzen azpian gaueko tabernak irekitzeko lizentziak emateko, ezta beste hainbat erabaki hartzeko ere. Uste dugu Udalaren erabakiak guztien onerako hartzen direla, eta pasabidea bizikletentzako aparkaleku bihurtzeko proiektua, kutsatzen ez duen garraiobide honen erabilera benetan sustatu nahi badugu, norabide horretan doala”.
Bizikleten aparkalekua egiteko egitasmoari buruzko xehetasunak azaldu ditu elkarteak, eta azpimarratu du aparkalekuak segurtasun berme guztiak beteko lituzkeela: “aparkalekuko erabiltzaile aitortuetara mugatuko litzateke erabilera eta, hortaz, etxebizitza askotan dauden autoentzako aparkalekuen segurtasun-berme berdinak izango lituzke”.
Katalina Erausoko aldeko sarbidea itxi egingo litzateke, eta Eustasio Amilibia kaleko sarbidea mantenduko lukete. Bertan egingo lukete aparkalekuaren sarrera. Elkarteak adierazi du ez dela proiektuari buruzko informazio argia eman: “Kontsulta bat egiten denean funtsezkoa da aukeren gaineko informazioa argi eta garbi ematea, eta kasu honetan, hori ez da lortu: 1. aukera – lurpeko pasabidea ixtea / 2. aukera – bizikletentzako garaje bat eraikitzea. Gogorarazi behar da aparkalekuaren eraikuntzak pasabidea halakotzat desagerraraztea aurreikusten duela eta, ondorioz, bi aukerak ez direla baztertzaileak eta defendatzen dugun proiektuan elkarren osagarri direla”.
Gainera, eskatu dute Karlos I.aren etorbideko lurrazpiko pasabidearen proiektua Mugikortasunaren Aholku Kontseiluan aurkeztezteko, eta bertan eztabaidatzeko: “Bizikleta mugikortasuna ere baita”.