Asteburuan, 130 lagunetik gora hiri osoan zehar ibili dira, etxez etxe, Metroaren egitasmoari buruzko informazioa banatzen eta abenduaren 12an egingo duten manifestazioaren berri ematen.
Donostia Metroaren Berriak izeneko egunkari informatiboa banatu dute.
Metroa gelditzeko Donostiako bizilagunen eta elkarteen batzarrak hiriko auzo guztietan egunkari informatiboak banatu ditu, eta
abenduaren 12rako manifestaziorako deia zabaldu du. Mugimendu honek Metroaren proiektua gelditzearen inguruan eztabaida sortu nahi du, bi gai nagusi mahai gainean jarriz eta prozesu parte hartzaile bat irekiz: hiri eredu bezala eta Donostialdearentzako garraio publikoaren inguruan irtenbiderik onena izan daiteke?
Horren harira, asteburuan
85.000 etxebizitzatako postontzietan egunkari informatiboak banatu dituzte. Lan hori aurrera eramateko,
130 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, auzo guztietan zehar.
Donostiako Metroaren Berriak izenburuko egunkariaren bidez, “proiektuaren bultzatzaileek kaleratu ohi dituzten albiste propagandistikoetan ezkutatua dagoen informazioa zabaldu dugu, hiritar guztiei Metroaren egitasmoa ezbaian jartzen duten hainbat galdera eta arrazoien berri emanez”.
Metroaren aurkako mugimenduaren arabera, gai hori dela eta, Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta Donostiako Udalak agertzen duten “itxikeria” berriro salatzen dute, “egitasmo honek ilunkeria eta sekretismo kezkagarriarekin aurrera jarraitzen baitu”. Hala, mugimenduak azaldu duenez, hirian Metroa eraikitzeko behin betiko proiektuen idazketa esleitu berri du Eusko Jaurlaritzak, “herritarrek egindako alegazioei erantzunik ere eman ez dien bitartean”.
Euren ustez,
Metroaren gaia hirian eta auzoetan zabal eztabaidatu behar da. Horretarako, hainbat asanblada informatibo egin dituzte zenbait auzotan, eta herritar askoren iritziak bat datozela diote: Donostian Metro bat eraikitzea zentzugabekeria dela, Dbus-en izango lukeen eragina kezkagarria dela, eta hiri eredua auzitan jarriko lukeela, beste batzuen artean.
Donostiarren atxikimendua eskatu dute, eta, nahi izanez gero,
mugimenduaren webgunea bisitatu daiteke, baita
satorralaia@gmail.com posta elektronikoaren bitartez eurekin harremanetan jarri ere.